Lamuza jauregiko eraberritzea amaituta, bertan sortu den kulturgune berriaren nortasuna lantzeari ekin dio Laudioko Udalak. Prozesu horretan, kulturgunearen izena erabakitzea izan da lehenengo urratsa, irudi marka landu ahal izateko gerora.
"Parkea", prozesu parte hartzailearen emaitza
Kulturgunearen izena zehazteko prozesu parte hartzailea ireki zuen tokiko erakundeak. Uztailaren 22tik 29ra hiru aukeren artean erabakitzeko tartea izan dute laudioarrek: Parkea, Lamuza edo Lorarte. Hiru proposamen horiek aurretik burututako barne-prozesu batean definitu ziren.
Guztira 158 herritarrek parte hartu zuten bozketa fasean, eta "Parkea" izan da proposamen bozkatuena, botoen %49,37 bilduta. Hauek izan dira hiru aukerek lortutako emaitzak:
- Parkea: 78 boto (%49,37)
- Lamuza: 43 boto (%27,22)
- Lorarte: 37 boto (%23,42)
Honela definitu zuten proposamen irabazlearen esanahia bozketa fasea ireki aurretik: "Lamuza parkearekin duen lotura zuzena azpimarratzen duen izena da. Espazioa naturarekin, herritarren topagunearekin eta aisialdiarekin lotzen du, ingurune ireki eta bizia irudikatuz". Horrenbestez, kulturgunearen izena erabakita, espazioaren irudi-marka lantzeari ekingo diote datozen hilabeteetan.
Laudioko Udaletik eskerrak eman dizkiete bozketan parte hartu duten herritar guztiei: "Parte-hartze prozesu honen bidez, kulturagune berriaren etorkizuneko nortasuna definitzen lagundu dute, udalerriko kulturaren, sormenaren eta topaketaren erreferentziazko gune izango den espazio baten izena aukeratuz".