Gauza asko aldatu dira 1991tik hona. Urte horretan sortu zen Atxilubioiak kuadrilla, helburu argi batekin: neskez osatutako talde bat eratzea. Izan ere, garai hartan kuadrilla berri ugari sortu ziren, baina guztiak zeuden mutilez osatuta. Horregatik, neska talde bat batu eta urratsa ematea erabaki zuten. “Lamuza parkean taldez talde joan ginen kuadrilla osatzeko. Lehen han igarotzen genituen orduak eta orduak”, oroitu dute taldearen sortzaileek.
Euren hitzetan, “izugarria” izan zen jasotako erantzuna, 63 kide batzera iritsi baitziren lehen urtean, “hiruzpalau urtetako adin tarteko ia neska guztiak bilduta”. Talde “oso anitza” lortu zuten horrela, “jaietan ondo pasatzeko” aproposa. Dena den, ez dira parranda egitera mugatu hiru hamarkada hauetan zehar. Hainbat urtez aritu ziren umeentzako jolasak prestatzen, eta haurrentzako lehiaketa gastronomikoa ere egiten zuten. “Jadanik ez da lehiaketa hori egiten, baina gure ezaugarrietako bat izan zen”, nabarmendu dute.
Urteak aurrera egin ahala, kide berriak batu ziren taldera, “ahizpa txikiak eta lagun berriak”. Gauzak hala, kuadrillak osasun sendoa izan du beti jende kopuruari dagokionez, parte hartzean gorabeherak egon diren arren. “Emakume askok egiten dugun bezala, familia eta seme-alaben zaintza dela eta, ez ginen horrenbeste ateratzen jaietan”, azaldu dute.
Kuadrillaren sortzaile izandako Lourdes de Luis eta Nerea Markuartu ere izango dituzte gogoan txupinazoan
Berriro elkarrekin
Gaur egun kuadrilla ez dago Udalean erregistratuta, baina talde batek urtero parte hartzen du. “Txupinazo egunean beti egon da, gutxienez, dozena bat atxilubio”, ziurtatu dute. Hori bai, aurten gehiago batzea aurreikusi dute, txupinero izatearen aitzakiarekin. 50 kide baino gehiago batu dituzte WhatsApp taldean, 40 lagun inguru animatu dira Baserritar eguneko bazkarian, eta hogei inguruk eman dute izena txupinazoan udaletxeko balkoira igotzeko. “Ez dakigu guztiak sartuko garen”, ohartarazi dute.
Ilusioz hartu dute ardura, eta argi dute nori eskainiko dioten jaietako lehen suziria: “Amei, amamei, ahizpei, alabei eta Laudioko eta munduko emakumezko orori, emakume langile palestinarrak ahaztu gabe”.
Kuadrillaren sortzaile izandako Lourdes de Luis eta Nerea Markuartu ere izango dituzte gogoan, istripu baten eta gaixotasunaren ondorioz hil baitziren, hurrenez hurren. “Topera” biziko dute unea, eta baita horren osteko zortzi eguneko jai maratoia ere. “Baserritar Egunean batzen garenean ziur malkoren bat isuriko dugula ez daudenengatik, baina barre pilo ere egingo dugu. Txupinazoa ezberdina eta ahaztezina izango da”.