Mende erdia bete du aurten Laudio Eskubaloi Klubak eta, efemeridearekin bat eginez, Laudioko Jaietako pregoia irakurtzea egokitu zaie. Jendetza elkartu da gaur arratsaldean Herriko Plazan, 2026ko San Rokeei ongi etorria emateko gogoz.
Eskubaloi klubeko hainbat belaunalditako kideak igo dira oholtzara, eta taldearen iragana, oraina eta etorkizuna izan dute hizpide. Klubaren historiaren birpasa egiteaz gain, eskubaloiaren balioak goratu eta kirolaz disfrutatzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Aurretik Ainize Gastaka alkateak hartu du hitza. Jaiak ikasturteko balantzea egiteko unea direla azaldu du eta, bide horretan, aitortza egin die Maderas de Llodioko eta Tubos Reunidoseko beharginei. Jaien atarian, inolako erasorik gabeko festak aldarrikatu ditu alkateak, eta udal baliabideetara jotzeko deia luzatu du halakorik ikusi edo jasatekotan.
Jaien lehen eta azken eguna
Herritar gehienak biharko txupinazorako prestatzen ari diren bitartean, San Roke Kofradiako kideak festen azken egunera begira jarri dira, Kofradia Egunera alegia. Izan ere, ohitura jarraituz, egun horretako anaitasun bazkarian edango duten ardoa aukeratu dute gaur. Protokoloak agindu bezala, 15 kofrade elkartu dira elizako arkupeetan, eta bederatzi ardoen artean bat aukeratu dute.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte