Argazki-erakusketa berria inauguratuko du Orduña Hiria Museoak irailaren 4an. Hilabetez egongo da hirian ikusgai Photobat Bilboko argazkilaritza taldearen proposamena: Bizkaiko 32 irudi, zuri-beltzean eta 50x75 zentrimetroko tamainian.
Iaz ondu zuen Photobat taldeak erakusketa hau, elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko. 32 argazkilariren begiradatik Bizkaia osoko irudi ezberdinak bildu zituzten horrela, "Kantauri Itsasoak bustitako kostaldeetatik, Bilboko hiriguneko bizitzaraino". Argazkilari horien artean daude Joserra Llano eta Koldo Badillo urduñarrak, eta beraz, haien irudiak ere ikusgai egongo dira museoan.
Bilbon, 2025eko apiriletik darama Photobaten erakusketa aretoz areto bidaiatzen eta Euskal Herrian zehar zabaltzea da elkartearen nahia. Bide horretan, ostiral honetan helduko da Urduñara.
Museoko kideek azpimarratu nahi izan dute inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 18:00tan izango dela, eta ez 19:00tan, ohikoan bezala. Izan ere, ordu horretan Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du hiriko Familia Sakratuaren elizan eta bi ekitaldiek elkar zapaldu ez daitezen nahi izan dute.