Laudioko adinekoei eragingo dieten bi neurri garrantzitsu hartu zituzten asteleheneko osoko bilkuran: alde batetik, Adinekoen Kontseilua sortzeko lehen urratsa egin zuten; eta bestetik, jantoki zerbitzuaren gehienezko prezioa finkatu dute.
Gauzak hala, aho batez onartu zuen udalbatzak Adinekoen Kontseiluaren erregelamenduaren lehen onespena. Kolektibo horrek udal politiketan parte hartzeko espazioa izango da Kontseilua eta izaera aholku-emailea izango du.
Hortaz, bertan "adinekoek beren beharrak, proposamenak eta kezkak helarazteko balio izango du, zahartze, irisgarritasuna eta bakardadea bezalako gaiak lantzeko".
Horrez gain, adinekoen jantoki zerbitzuko prezioak ezartzeko, Prezio Publikoen Ordenantza moldatzea ere onartu zen bilkuran. Zerbitzua abian jartzean, 7 eurokoa izango da menuaren gehieneko prezioa, eta kontuan hartuko dira egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonak.
"Elikadura osasungarria, orekatua eta eskuragarria" eskaintzea da zerbitzuaren xedea, eta baita "adinekoen arteko topaketa eta bizikidetza sustatzea" ere. 25 erabiltzaile inguru aurreikusten dira, hasieran behintzat, eta urtean 220 egunez egongo da martxan.