Roberto Dominguez laudioarrak Hostal del sol eleberria idatzi du eta herriko liburudendetan eskuragarri dago jadanik. Berez, ez zegoen Dominguezen asmoen artean narratibara salto egitea, baina iazko ekainean berreskuratu zituen abiatutako zenbait istorio eta azaroan amaitu zuen testua.
Liburuan buru osasunak aparteko garrantzia dauka. "2003 eta 2005 urteen artean oso txarto pasa nuen eta buru osasun arazoak izan nituen. Gainditu nituen eta bizitakoa baliatu dut eleberrirako. Nire esperientziak erabili ditut fikziora eramateko. Ez da kontakizun lineala, zatituta dago. Ez dut erreferenterik, baina suposatzen dut Virginia Wolfen kontzientziaren fluxua presente dagoela. Hau partekatu nahi nuen eta uste dut hausnartzeko balio duela: Nik gainditu dut eta besteentzat balio dezake".
Edonola ere, egileak nabarmendu du eleberria ez dela bakarrizketa intimista: "Kontakizunean gertakariak daude eta nahiz eta toki finkorik ez aipatu, Laudio eta Gasteiz agertzen dira. Laudioko zenbait herritarretan oinarritutako pertsonaiak ere badaude. Aipatu nahi dut pertsonaia femeninoa agertzen dela eta nire kontzientziaren isla da".
Seleer argitaletxeak plazaratu du liburua eta laudioarra pozik dago egin duen lanarekin: "Laster Hego Ameriketan sustapen kanpaina egingo dute eta nik ez dut ezer ordaindu behar izan, hortaz, gustura nago".
Bere aldetik, Dominguezek liburu aurkezpena egingo du Laudion Araba Kafean urriaren 9an, 19:00ak aldera.