Arte Hartze Zikloak hasiera bikaina izan zuen ostiralean. Faktoria hartu zuten arratsaldez horretarako. Lehenik eta behin, solasaldia egin zuten Xabi Basterra, Ximena, Okher, Mari Garamendi eta Madalen Artetxe musikari aiaraldearren eta Odei Barroso eta Xabi Etcheverry sortzaileen artean.
Eztabaidak publikoa izan zuen eta, gainera, grabatu ere egin zuten. Sorkuntza bizigarria nola egin izan zuten hizpide, besteak beste. Mari Garamendik, adibidez, azaldu zuen edozein tokitan jotzean eskertzen dela jakitea nola zainduko dituzten (afaria dagoen, edaria...) eta hori komunikazio argiarekin konpontzen dela.
Halaber, eskualdeko lagunek azpimarratu zuten musikariek ez dutela esparru publikorik batzeko eta euren artean esperimentatzeko eta sortzeko.
Errentagarritasuna eta militantzia
Euskal Herriko ekialdetik (Iparraldetik) etorritako Odei Barrosok hitza hartu zuen goraipatzeko berak duen ikuspegi musikalak erabat baztertzen duela errentagarritasuna. Alegia, rap abeslariak argitu zuen ez dituela makrojaialdiak gogoko eta lehenesten duela jende gutxiago batzen dituzten ekimenak, baina bestelako emaitzak bilatzen dituztenak.
Gauzak hala, kritikoa izan zen Euskal Herrian jotzean maiz gertatzen denarekin. Izan ere, taldeak herrialdeko beste txoko batera joaten dira eta bi ordutan etxera itzul daitezkeenez, ez dituzte sareak eta harremanak sortzeko tarterik hartzen.
Halaber, kritikatu zuen mendebaldeko talde askok begirada uniformea dutela ekialdean kontzertu bat dutenean, hiru lurraldeak berdinak izango balira bezala.
Bere iritziak plazaratu ondoren, Barroso oholtzara igo zen eta emanaldia eskaini zuen Auhen taldearekin.
Argazkiak: Joane Lozano Landera, Libe Estebaranz Leizea