Laudioko PSE-EEk eskatu dio EH Bilduko udal gobernu taldeari Gaztelekuko obrekin jarraitzea. Izan ere, Loli Muriel zinegotziak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, liburutegi ohia zenaren azalera erdia baino ez dute berritu eta sozialistek argudiatzen dute lokal osoa egokitzea adostu zutela.
Oposizioko alderdiak adierazi duenez, Carmen Altuna zinegotziak iragarri zuen Kohesio Sozialeko batzordean ez zutela aurrera egingo lan gehiagorekin. Hala ere, PSE-EEk eskatu dio EH Bilduri erabakia hobeto pentsatzea.
Izan ere, Loli Muriel zinegotziak aipatu du inbertsio hori aurrekontuen akordioaren barruan zegoela eta bete beharra dagoela, konpromisoa hori zelako.
Halaber, PSE-EEk aldarrikatu du bultzada eman ziola egitasmo horri gobernuan zein oposizioan, eta parte hartze prozesua egin zutelako gazteekin.
Halaber, PSE-EEk aldarrikatu du bultzada eman ziola egitasmo horri gobernuan zein oposizioan, eta parte hartze prozesua egin zutelako gazteekin.
EH Bilduk dio konpromisoa bete eta gainditu duela
Udal gobernu taldeak, bere aldetik, oso bestelako irakurketa egin du. Izan ere, EH Bilduk gogoratu du PSE-EErekin adostu zuela 41.000 euroko inbertsioa egitea Lamuza 19ko lokalaren barruko birgaitze-lanetan eta soberan gailendu dela kopuru hori.
"Lehen fasean 10-13 urtekoentzako gunea eta espazio komunak, isolamendu akustikoa, leihoen ordezkapena eta iturgintza-instalazioa berritzea aurreikusi ziren. Obrak Ekora Rehabilitación S.L.U. enpresari esleitu zitzaizkion 2025eko apirilean, 193.116 eurotan BEZa barne, sei hilabeteko gauzatze-epearekin. Beraz, hasierako 150.000 euroko partida ez zen nahikoa izan azkenean kontratatutako obra finantzatzeko: lizitazio-aurrekontua 202.520,85 eurokoa izan zen eta adjudikazioa 193.116 eurokoa", adierazi du udal gobernu taldeak.
Hortaz, EH Bilduren iritzia honako hau da: "2025. urtean 41.000€-ko inbertsioa PSE-EE-rekin adostu zen eta bete da. Gaztelekuaren obra udan amaitu zen. Era berean, aurten Gaztelekua hornitzeko 20.000€-ko partida atera genuen osoko bilkura batean eta une honetan partida hau erabiltzen ari gara".