LAB sindikatuak oharra plazaratu du jakinarazteko Voestalpine Railway Systems JEZ konpainiak langile bat kaleratu duela diziplina neurri gisa. Antolakundearen aburuz, erabakia gehiegizkoa da eta sortutako egoera beste era batean bideratu ahal zen.
Berez, langile erakundeak gaineratu du lankideen arteko errespetua fiuntsezkoa dela eta lan-eremuan sor daitekeen edozein gatazka, tentsio edo gaizki-ulertu arduraz eta konponbideak bilatzeko borondatez landu behar dela.
Horregatik, eta lantegian dagoen giroa zaintzeko, ez dute bat egiten kaleratzearekin: "Horrelako erabaki baten atzean gainerako langileei helarazten zaien mezu bat ere badago: tentsio, gatazka edo desadostasun egoera orok lanpostua galtzea ekar dezakeela adierazten duen mezua. Eta mezu horrek beldurra eta segurtasunik eza sortzen ditu plantillaren artean".
Horren aurrean, LABek babesa adierazi dio kaleratutako beharginari eta gaineratu du jarraituko dutela "gatazkak elkarrizketaren eta konponbideen bilaketaren bidez" konpondu daitezkeela defendatzen, "eta ez langilea soilik zigortzen duten alde bakarreko eta atzeraezinezko erabakietan oinarrituta".