Gaur goizean Osakidetzak hedabideak deitu ditu Laudioko anbulatorio berriko instalazioak erakusteko. Hainbat datu eta azalpen eman dituzte Gemma Fernandez Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari gerenteak eta Xabier Ibarzabalek, Osakidetzako Estrategia Ekonomikoko eta Eraldaketako zuzendariak.
Ibarzabalek gogoratu du 19 milioi euroko inbertsioa egikaritu dutela zerbitzu guztiak 2.500 metro koadro inguruko azaleratik 7.972 metro koadroko azpiegiturara eramateko. Hiru solairu baliatuko dituzte horretarako, gehi behekoa.
Bereziki garrantzitsutzat jo dute etxe-ospitalizazio eta buru osasuneko zerbitzuak gainerakoekin batzea eraikin horretan. Zehazki, buru osasuneko arreta etxebizitza eraikin batean egon da orain arte eta egungo kokapenean, toki gehiago izan ezik, normalizatzeko eta ikusarazteko ere balioko duela uste dute.
Izan ere, azpimarratu dute gero eta ume eta gazte gehiago artatzen direla atal horretan.
Zerbitzuak ugaritzea
Aiaraldea Komunikabideak galdetu die Osakidetzako arduradunei ea azpiegitura berritzearekin batera, ematen diren kontsulta kopuruak ere handituko diren. Ordezkarien erantzuna izan da medikuenak eta erizainenak bikoiztuko direla, gela gehiago daudelako, eta emakumearen arretan ere aldaketak egongo direla aurreratu dute.
Zehazki, beste ginekologo bat egoteko tokia dago eta ekografiak egingo dituzte Laudion. Gainerako espezialitateen zita gehiago egongo direla ere aipatu dute: "Orain arte hiru espezialitaterako gela bakarra genuen, hortaz, txandakatzen ziren. Orain gehiago etorriko dira".
Aldaketak
Eraikinak izango dituen hobekuntza fisikoak ez ezik (espazio gehiago, biniloak, klimatizazioa, plaka fotovoltaikoak...) nabarmendu dute odontologia makina berriak ere ekarri dituztela. Horrez gain, solairu bakoitzak administrariak izango ditu harrera egiteko kontsulta baino lehen.
Guztira, osasun zentro berriak Lehen Mailako Arreta emango die 24.600 laguni eta 41.700 herritarrek izango dituzte han ospitalez kanpo arreta eta kontsultak.