CD Laudioren presidenteak futbol zelai berria beharrezkoa dela aldarrikatu du klubaren 100. urteurrenaren atarian

Aitor Aspuru Saez

Jagoba Sedano presidentea, artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Jagoba Sedanok aurreratu du 2027an beteko dituela 100 urte klubak eta jarduera bereziak egingo dituztela. Egiturazko aldaketak ere aipatu ditu eta Laudion futbol zelai berria behar dela ere aldarrikatu du.

CD Laudiok 100 urte beteko ditu abiatu berri den 2026/2027 denboraldian eta horretarako prestatzen ari dira. Esaterako, kirol elkarteak Jagoba Sedano presidenteari egindako elkarrizketa plazaratu du bere webgunean eta ordezkariak garrantzizko zenbait gai jorratu ditu.

Herritar orori begira, deigarriena da Sedanok aldarrikatu duela herriak beste futbol zelai modernoagoa behar duela eta hainbat ikuspuntutatik defendatu du ideia. Hasteko, azaldu du herrian bi talde daudela eta 400 jokalari daudela bi klubetan banatuta, Altzarraten eta CD Laudion. Presidenteak erantsi du zaila dela guztien entrenamenduak uztartzea eta azpiegiturak banatzen dituztela zatikatuta.

Sedanoren iritziz, Ellakuri zaharkituta geratu da eta Altzarratek gabeziak ditu.

Horrez gain, Sedanoren aburuz, lehen taldeko futbol zelaia, Ellakuri, zaharkituta geratu da eta egiturazko arazoak ditu. Halaber, Altzarrateko instalazioak (non bulegoak dauden) ez dira egokiak, barrakoiak direlako eta harmailak ez dituztelako.

Presidenteak argi dauka horrelako azpiegitura bat "osasunean, kirolean eta gazterian" inbertitzea litzatekeela.

Mendeurren ospakizuna

Eskaera horretatik harago, Sedanok aurreratu du egitarau berezia prestatuko dutela mendeurrena ospatzeko. Ekitaldi instituzionalak, jokalari eta entrenatzaile ohiekin topaketak eta hitzaldiak iragarri ditu klubari bultzada emateko eta efemeride hutsean ez geratzeko. 

Egiturazko aldaketak

Barrura begira, presidenteak balorazio oso kritikoa egin du azken urteei dagokienez, hirugarren mailarako play-offak ez dituelako jokatu lehen taldeak duela hamahiru urte, eta harrobiak ez duelako puntako jokalaririk eman.

Horrek guztiak, Sedanoren iritziz, aldaketak exijitzen ditu eta Xabier Sancho kirol zuzendariarekin eta koordinatzaileekin egiturazko hobekuntzak bideratzen hasi dira. Ordezkariak argitu du emaitzak ez direla egun batetik bestera ikusiko, baina bidea hasi dutela. 

Ibilbide horretan Senior B talde bat abiatu dute eta Senior An, aldiz, Laudioko zein inguruko jokalarien aldeko apustua egin dute. Esaterako, hasi berri den denboraldian talde horretako 13 futbolari dira Aiaraldea edota Goi-Nerbioikoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide