40 urteko ibilbidea ospatuko du Galtzagorri Kultur Elkarteak datorren urriaren 3an

Aimar Gutierrez Bidarte

Buruhandiak dira Galtzagorri Kultur Elkartearen ikur nagusia. / Aiaraldea.eus

Galtzagorri Kultur Elkarteak 40 urteko ibilbidea ospatuko du datorren urriaren 3an, eta egun osoko egitaraua prestatu du horretarako.

Lau hamarkadako ibilbidea ospatuko du Laudioko Galtzagorri Kultur Elkarteak datorren urriaren 3an. 1986an sortutako jai kuadrillaren historia oroitu eta hainbat belaunalditako kideak elkartzeko hitzordua izango da.

Egun osoko egitaraua

Galtzagorriko kideek egun osoko egitarau oparoa prestatu dute. Kuadrillaren ikur bilakatu diren buruhandien kalejirarekin ekingo diote egunari. Buruhandiek 11:00etan egingo dute irteera, Kultur Etxeko ataritik. 12:00etan haurrentzako tailerrak egingo dituzte Lamuza Parkean, eta 13:45ean Arrapaladan taldeak girotutako trikipoteoa abiatuko dute bertatik.

Elizako arkupetan egingo duten bazkaria izango da eguneko hitzordu garrantzitsuenetako bat, bertan egingo dute bat Galtzagaorriko belaunaldi desberdinek, gaur egungo kideak zein kide ohiek. Bazkalostea bingo musikatuarekin girotuko dute eta 18:00etan Gautegun erromeriak kontzertua eskainiko du Aldai Plazan.

21:00etan poteo musikatua egingo dute, Aldai Plazatik abiatuta. Herriko kaleak zeharkatu ostean Aldai Plazara bueltatuko dira. Bertan, Pakita Penas musika jartzaileek luzatuko dute jai-giroa, gaueko ordu txikiak arte.

40 urte

1986. urtean eman zituen lehenengo urratsak Galtzagorri Kultur Elkarteak, “herriko jaiak eta kultura bultzatu nahian”. Urte luzez inauterietako mozorro desfilea antolatzeaz arduratu da. Gaur egun buruhandi eta txotxongiloak dira kuadrillaren ikur nagusia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide