CD Laudiok lapurretak salatu ditu Ellakurin, baina bere bertsioak ez du bat egiten Udaltzaingoarenarekin

Txabi Alvarado Bañares

Ellakuriko aldagetan jazo ziren lapurretak ostegunean. / Aiaraldea.eus

Klubak dio lapurtutako mugikorren geolokalizazioak “herriko gune eta eraikin oso zehatz eta ezagunetara” bideratu zituela udaltzainak, baina hori gezurtatu du polizien buruak. 

Lapurreta gertatu zen iragan ostegun arratsaldean Ellakuriko aldageletan. Mugikorrak eta beste objektu batzuk lapurtu zizkieten CD Laudioko Infantil A taldeko hainbat kideri. Hala azaldu zuen CD Laudiok gau hartan bertan plazaratutako komunikatu batean. Bertan, lapurretaren ustezko egileei buruzko hainbat datu partekatu zituen klubeko zuzendaritzak. Hala dio, hitzez hitz, adierazpenak: “Minutu bat baino gutxiagoan Udaltzaingoari abisua eman zitzaion eta adingabeen gailu mugikorrak denbora errealean GPS geolokalizazio bidez arakatzea erraztu zen. Jarraipen horri esker, agenteek lapurtutako objektuen ibilbidea kokatu ahal izan zuten, herriko gune eta higiezin oso zehatz eta aski ezagunetara”. 

Udaltzainburuaren hitzetan, lapurtutako mugikorren GPS lokalizazioak Lamuza parkearen sarrerara eraman zituen agenteak, eta ez CD Laudiok bere komunikatuan aipatutako “herriko gune eta higiezin oso zehatz eta aski ezagunetara”

CD Laudioren ustez, horrek agerian uzten du ostegunekoa ez dela “gertakari isolatu” bat, “egiturazko arazo bat” baizik, udalerrian “kontrol eta segurtasun gabezia eta zigorgabetasuna” eragiten dituena, eta Udalaren aldetik “erantzun irmoak” eskatzen dituena. 

Baina CD Laudioren kontakizun hori ez da zuzena, Udaltzainen buruzagiak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez. Bere hitzetan, mugikorren GPS lokalizazioak Lamuza parkearen sarreran kokatu zituen mugikorrak, eta bertara joan ziren polizia agenteak kaltetutako haurren gurasoekin. Hortik aurrera, baina, seinalea galdu zuten, eta ordutik hona ez dute bestelako informaziorik jaso, Udaltzaingoan behintzat.

Aiaraldea Komunikabidea CD Laudiorekin jarri da harremanetan gaiari buruz galdetzeko. Klubeko presidenteak adierazi du gurasoen eskutik jaso zuela ostegunean plazaratutako komunikatuan jasotzen denaren berri, eta nabarmendu du ez duela aferari buruzko adierazpen gehiagorik egingo. 

Ertzaintzarekin ere jarri da harremanetan komunikabidea, baina polizia autonomikoko prentsa kabineteak ez du gaiari buruzko informaziorik ematerik izan, eurek osteguneko esku hartzean parte hartu ez zutela argudiatuta. 

Gorroto mezuak sare sozialetan

Bertsio kontrajarriek, baina, ez dute zurrumurruak sare sozialetan zabaltzea eragotzi, eta gorroto mezuei ere bide eman diete. Izan ere,  CD Laudiok modu zuzenean aipatzen ez duen arren, baliatutako terminoek (“herriko gune eta higiezin oso zehatz eta aski ezagunak”) herriko sektore oso zehatz bat jartzen du jo-puntuan: herriko eraikin abandonatutan edota kale egoeran bizi diren pertsona migratuak. Gauzak hala, sektore horren aurkako iruzkinak nagusitu dira komunikatua zabaldu den sare sozialetan, eraikin abandonatu horietan mugikorren bila sartzeko proposamenak egitera iristeraino kasuren batean. 

Zabaldutako zurrumurruek eraikin abandonatuetan bizi diren pertsona migratuen aurkako iruzkinak areagotu dituzte, bigarren planoan utziz egiatan atzean dagoena: Ellakuriko azpiegiturek duten segurtasun arazoa.

Kirol azpiegituraren segurtasunaren ardura eztabaidagai

Gainera, zurrumurru eta gorroto-iruzkinek estali egin dute auzi honen atzean dagoena: Ellakuriko azpiegituretan dagoen segurtasun arazoa. Izan ere, ostegunekoa ez da azpiegitura horietan egon den lehen lapurreta, eta horri begirako neurriak hartu behar direla aldarrikatu du CD Laudiok osteguneko komunikatuaren bigarren zatian. 

Izan ere, klubak nabarmendu du futbol zelaia Udalarena dela, eta tokiko erakundeak klubari debekatu egin diola “segurtasun gabeziak bere baliabide propioekin konpontzea”. Hain zuzen, kirol taldeko kideek azaldu dute segurtasun kamerak jartzea, sarbidea mugatzeko langileak jartzea edota sarbide mugatu automatizatuak instalatzea proposatu dutela, baina ezezkoa jaso dutela kasu guztietan Udalaren partetik. 

Horri lotuta, nabarmendu dute Klubaren eginkizuna adingabeen formazio eta zainketan dagoela, eta “materialki ezinezkoa” egiten zaiela “entrenamendua eta aldageletarako sarbidea aldi barean kontrolatzea”. Gauzak hala, “zaintza neurri eraginkorrak” ezartzea exijitu diote erakunde publikoari, bien bitartean jokalariei “baliozko objekturik ez eramatea” gomendatuko dietela gaineratuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide