Mezu honen bitartez, Laudioko herritarrei udal rokodromoaren funtzionamenduan aurreikusitako aldaketaren aurrean dugun kezka helarazi nahi diegu.
Orain arte, instalazioak rokodromoaren erabilera librea ahalbidetu du hainbat ordutegitan, eta, horrez gain, eskalada ikastaroak eskaini dira haur eta helduentzat. Jaso dugun informazioaren arabera, datozen hilabeteetan arratsaldeak esklusiboki aipatutako ikastaroen klaseetarako erabiltzea aurreikusten da, eta, ondorioz, ordutegi horretan instalazioa itxi eta erabilera librea desagertu egingo da.
Eskalada ikastaroak eta jarduerak eskaintzearen garrantzia ulertzen eta baloratzen dugu, baina jarduera horiek udal instalazio baten erabilera librearekin bateragarriak izan beharko liratekeela uste dugu.
Herrikide askok goizez egiten dute lan, lanaldi zatitua dute edo arratsaldeak baino ezin dituzte probestu kirola egiteko. Badaude eskalada-ikastaroetan izena emanda ez duten eta hala ere rokodromoa arratsaldez erabiltzen duten hainbat ikasle ere. Arratsaldeak soilik ikastaroetarako gordetzen badira, herrikideen kopuru handi batek ez du rokodromoa erabiltzeko benetako aukerarik izango.
Udalak finantzatutako instalazio publikoa denez, antolatutako jarduerak eta erabilera librea bateratzeko aukera emango duen eredua bilatu behar dela uste dugu. Horrela, herritarrek beren lan-ordutegia edozein delarik ere, espazio honetaz gozatu ahal izango dute eskalada-eskola bere jarduera arazo barik aldi berean garatzen duen bitartean.
Horregatik guztiagatik, arratsaldeetan erabilera librerako tarteak mantendu daitezen eskatzeko asmoz,
sinadura bilketa bat abiatu dugu. Bilketa honen bitartez, gure kezka Udalari helarazi nahi diogu.
Gure helburua ez da ikastaroak egitea eragoztea, ez eta horiek ematen edota disfrutatzen dituzten pertsonei kalte egitea ere. Defendatu nahi duguna, udal instalazio bat herritar guztientzat eskuragarri izan dadila eta pertsona guztiek instalazio horretaz murrizketarik gabe gozatzeko aukera izatea da.
Guztiontzako rokodromo bat nahi dugu, besterik ez.