Mexikon bizi zara. Noiz eta nola heldu zinen?
Urtarrilean heldu nintzen Mexikora, Global Training beka bati esker. Niri industrian jarduten duen enpresa batean lan egitea egokitu zitzaidan, baina psikologia ikasketak ditudanez, langile baliabideen sailean ibili izan naiz. Berez, hemen sei hilabetez geratzea aurreikusten nuen.
Global Training esperientziarekin amaituta, zergatik erabaki zenuen bertan geratzea?
Oraindik ez dakit oso ondo galdera horri nola erantzun. Mexikarrek etengabe galdetzen didaten zerbait da. Egia esan, beso zabalik hartu ninduten bertakoek hasieratik; jendea, kultura, gastronomia, bizimodua… oso berezia da eta guztiz bat egiten du nire izaerarekin.
Zertan ari zara zehazki?
Psikologo kliniko lanetan ari naiz, Nuevo Leongo Psikologoen Elkargoan. Hemen Mexikon psikologo kliniko aritu zaitezke psikologia klinikoko masterra egin beharrik gabe, eta gero beste norbaitek gainbegiratu behar du zure lana.
Erronka profesionala zen niretzako, eta zentzu horretan hazteko aukera izaten ari naiz.
Monterrey hirian bizi zara, herrialdearen iparraldean. Nolakoa da hiria eta bertako bizimodua?
Ez dut beso zabalik hartu nauen hiriaren inguruan gehiegi kexatu nahi, baina nahiko leku arrotza da Monterrey. Klima nahiko muturrekoa da, oso hiri industriala da, eta kontaminazio handia du.
Era berean, Mexikoko iparraldeko oso kultura markatua duen hiri bat da: cowboyz jantzitako jendea ikus dezakezu kaletik modu ez ironikoan. Texas du mugakide iparraldean, eta horrek eragin handia du, onerako zein txarrerako. Izan ere, Mexikoko hiririk aberatsena da eta lan aukera asko daude hemen beste estatu batzuekin alderatuta.
Eta hiritarrak? Ondo hartu zaituzte?
Mexikoko beste leku batzuetara bidaiatzeko aukera izan dudanean ikusi dut antipatikotzat dituztela monterreytarrak, eta egia da batez ere zonalde aberatsenetan whitexican asko dagoela: jende oso materialista, superfiziala eta klasista. Baina gero bere etxeko ateak irekitzeko prest dagoen jende askorekin egin dut topo baita ere. Jendea oso-oso jatorra da Mexikon oro har.
Psikologiaren arloan egiten duzu lan zuk. Ezberdintasunik topatu duzu han eta hemen psikologia ulertzeko dugun moduan?
Uste dut hemen oraindik terapia joatearen gaia tabu dela herritar askorentzat. Gremioari dagokionez, sentitzen dut oso gutxi erregulatuta dagoela. Badago psikologoen elkargo bat, baina nabari dut ez dagoela Euskal Herrian edo estatu espainiarrean bezain estandarizatuta.
Terapiako saioen prezioa ere askoz merkeagoa da hemen, gutxi gorabehera 25-30 euroren bueltakoa. Dena den, argi ikusten da hori hobetzeko eta eredu prestigiotsuago bat eraikitzeko lanean ari direla.
Herrialde arriskutsua izatearen ospea du Mexikok.
Badago kriminalitate tasa nabarmen bat, datuek erakusten dutenez. Ni bizi naizen zonaldea nahiko segurua da indarkeriari dagokionez, baina uste dut aurreiritzi asko ere eraiki direla horren inguruan, eta zentzuz jokatuz gero ez zarela zertan arriskuan egongo.
Herrialdeak transmititzen duen xarma niretzako beste bat da: kaletik ibiltzean dauden koloreak, usainak, musika, jendea dantzan… Bizitzaz gozatzen abilak dira mexikarrak!