Arkaitz Eskuzak bere lehen titulu profesionala eskuratzeko aukera izango du bihar arratsaldean Zallan, Mimetiz frontoian. 17:15ean hasiko da pilota jaialdia eta sarrerak erosteko aukera dago oraindik hemen.
Eskuzak Caixa Bank Masters Serie B txapelketako finala jokatuko du Erik Jakarekin batera eta Peio Etxeberria eta Unax Landa izango dira euren aurkariak.
Atzo hautatu zuten materiala partidarako eta Eskuzaren kideak beste bikotea jo zuen faboritotzat. Eskuza iritzi berekoa da, baina atzo azaldu zuen euren jokoa egin eta besteena oztopatu behar dutela irabazteko.
Edonola ere, Jakak eta Eskuzak talde sendoa osatu dute txapelketan eta merezita heldu dira finalera aukera guztiekin. Jakak berak oso partida onak egin ditu azkenaldian, eta, esaterako, iragan asteburuan San Mateo Torneoa irabazi zuen.
Eskuzak, bere aldetik, uste du neguan Jokin Etxanizekin egindako lan guztia islatzen ari dela egungo emaitzetan.