Hiriburuetan azken egunetan nagusitu diren etxebizitzaren inguruko aldarriak eskualdera ekarri ditu Ernaik. Euskal Herriko 26 udalerritako plazetan deitu ditu elkarretaratzeak gazte antolakundeak, eta dozenaka lagun bildu ditu Laudiokoan.
Talde politiko independentistaren aburuz, "testuingurua nabarmen aldatu du" Pedro Sanchezek gaur iragarritako hauteskunde aurrerapenak. Horregatik, ultra eskuinaren aurkako erantzun gisa ere planteatu dituzte gaurko protestak, nabarmenduz bi auziak direla "bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunen ondorio".
Horrez gain, ohartarazi dute muturreko eskumak "dimentsio bikoitza" hartzen duela Euskal Herrian, faxismoak historikoki "espainolismoaren eta frantziar jakobinismoaren forma" hartzen duelako. Gauzak hala, "Euskal Herria eraikitzen" jarraitu behar dela aldarrikatu dute, "herritar oro duintasunez biziko den Euskal Errepublikarantz bide egiteko".