Gazteengan jarriko du begirada Asasamek Buru Osasunaren Munduko Eguneko jardueretan

Garazi Cuadra Alvarez

Asasam elkarteko eta eskualdeko udaletako ordezkariak atzoko prentsaurrekoan. / Asasam

Elkarteak Gazteekin ekimena aurkeztu du, gazteen buru osasuna zaintzea eta ongizatea sustatzea helburu duena. Horrez gain, hainbat jarduera egingo ditu urrian zehar. 

Urtero bezala, prentsaurrekoa egin zuen atzo Asasam elkarteak Buru Osasunaren Munduko Eguna dela eta. Aurten haurren, nerabeen eta gazteen buru osasunean jarri du begirada familien elkarteak, Egin match zure osasun mentalarekin. Egin match komunitatearekin lemapean, 

Helburua da prebentzioaren, hezkuntzaren eta gertuko laguntzaren garrantzia azpimarratzea, arazoak larriagotu aurretik garaiz esku hartzeko.

Prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, buru osasuneko arazoei aurrea egitea ezin da soilik arazoa agertzen denean esku hartzera mugatu. Elkarteko kideen hitzetan, funtsezkoa da lehen seinaleak garaiz identifikatzea, eta horretarako ezinbestekoak dira informazioa, hezkuntza eta gertuko pertsonen babesa.

Gazteekin ekimena du martxan Asasam elkarteak, gazteengana hurbildu eta buru osasunaren inguruko lanketa sustatzeko.

Munduko Osasun Erakundearen estimazioen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko zazpi gaztetik batek dauka buru osasuneko nahasteren bat. Errealitate horri aurre egiteko, gazteen ongizate emozionalean jarri du begirada Asasamek, eta testinguru horretan Gazteekin proiektua abiatuta. Ekimen horren bidez, gazteengana hurbildu eta buru osasunaren inguruko lanketa sustatzea bilatzen dute, euren emozioz hitz egiteko guneak sortuz eta laguntza behar dutenean nora jo jakinaraziz. 

Gizartearen arteko elkarlana

Nerabezaroa eta gaztaroa aldaketa eta erronka ugariko garaiak dira, eta etapa horietan ongizate emozionalari arreta eskaintzea ezinbestekoa da, Asasameko kideen aburuz.

Sare sendoa eraikitzeko, hezkuntzaren, familien eta gizartearen arteko elkarlana bereizi zituzten atzoko prentsaurrekoan, eta nabarmendu zuten "prebentzioaren oinarrizko zutabea" dela gazteek "espazio seguruak" izatea "konfiantzaz hitz egin eta beren beharrei erantzuteko". 

Bide horretan, prebentzioa indartzearen aldeko aldarrikapena egin zuen Maria Angeles Arbaizagoitia elkarteko lehendakariak: “Osasun mentala ez da soilik arazo bat agertzen denean zaindu behar. Bizi, erlazionatu, parte hartu eta etorkizun bat eraiki daitekeen komunitate bat eraikiz zaintzen da".

Martxa soziala, poesia emanaldia, hitzaldia eta futbol partida antolatuko dituzte datozen asteetan. 

Halaber, etorkizunari begira Aiaraldeak duen erronka nagusia azpimarratu zuen Arbaizagoitiak: “Laguntza eskatzea normala den Aiaraldea eraikitzen jarraitu nahi dugu”. Bere ustez, helburu horri eusteko ezinbestekoa da komunitate guztiaren arteko elkarlana.

Hainbat jarduera datozen asteetan:

Gazteen inguruko diskurtsoa zabaltzeaz gain, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatuko dituzten ekintzen berri ere eman zuten atzoko prentsaurrekoan.

Hauek dira egingo dituzten jarduerak: 

  • Urriak 18: Buru Osasunaren aldeko VII. Martxa Soziala, 10:00etan Amurriotik eta Laudiotik aldi bereko irteerekin.
  • Urriak 23: “Ondo konektatuta al gaude? Gazteak, teknologia eta osasun mentala” hitzaldia Telmo Lazkanorekin, 17:30ean Laudioko Kultura Etxean.
  • Urriak 29: Bizikidetza partida La Milagrosarekin, 12:00etan Laudioko Granja kiroldegian.
  • Azaroak 8: Poesia errezitaldia, 11:00etan Amurrioko Antzokian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide