'ELLAS' PROIEKTUA

Emakume anonimoen memoria espazio publikora

Maider Ramirez Martin

Lola Gomez, Aureli Picaza, Bego Monasterio, Marisa Magallón, María Benita Eguiguren, Miren Goti eta Toñi Gallego. / Aiaraldea.eus

Maiatzak igaro du bere ekuatorea eta Laudioko San Pedro elizako harrizko murruetako batean tamaina handiko zazpi irudi agertu dira eskegita. Argazki zaharrak dira; iPhonik, Instagramik eta filtrorik ez zen garai batekoak. Emakumeak ageri dira horietako guztietan.  

Astelehenetako ohiko trafikoa dabil Elexalde kalean. Dekoratu berriak ustekabean harrapatu ditu herritarrak eta bertatik gora eta behera doazenek harriduraz eta jakin-minez egiten diete so argazkiei. Begirada azkar eta sotilak dira gehienak: mandatuetara ateratako andreenak, trena galtzear dagoen gaztearena, bilobarekin parkera doan aititearena. Bada, ordea, tarte batez geratu eta arretaz behatzera ausartzen denik ere.  

Geroago, quienés son esas galdetuko dute, nortzuk dira emakume horiek. Eta baita “zer egin dute hor egoteko?” ere.

María Lara, Aureli Picaza, Garbiñe Mitxelena, María Benita, Esperanza Nicolás, Amelia, Julia Aramendi eta María Agüero dira. Eta zu ere zer egin duten jakin nahi izan duen horietakoa bazara, ezezagunen argazkien atzean ezkutatzen diren istorioekin fantaseatzea gogoko baduzu edo irudi hauek estreinakoz ikusten ari zaren une berean piztu bazaizu kuriositatea, ez utzi lerro hauek irakurtzeari, zirrikituak arakatzear gaude eta.

Intimitatearen mugatik at

Argazki horiek zergatik dauden bide publikoan, galdera erraza da erantzuten. Ainhoa Resano artista bisualak ELLAS memoria eta argazkilaritza proiektua gidatu du Laudion, herriko zazpi emakumerekin.  Duela hamar urte Bilboko Somera kaleko eraikin oso bat etxegabetu zutenean jaio zen proiektua. Bertan bizi zen Resano, eta hiru belaunaldik eraikin horretan bizitakoa ahanzturan galdu ez zedin, bizilagunekin bildu, haien albumak arakatu eta “bizitza-oroigarri” bat ondu zuen.  “Orduan ulertu nuen etxeko argazkilaritza eta albumek gordetzen dituzten kontakizun horiek ahanzturaren aurka erresistitzeko arma bat direla”, dio artista bilbotarrak.   

“Jendeak “Zer egin dute hor egoteko?” galdetu duenean, egiatan “Zer egin dute leku hori merezi izateko?” izan du buruan”

Itsasadarraren beste aldean, San Frantzisko auzoan, egin zuten topo Ainhoa Resanok eta Savina Lafita antropologoak. Albumekiko eta istorioekiko interes partekatua oinarri hartuta egin zuten orduan ELLAS proiektuaren lehenbiziko saioa: “Zer gertatuko litzateke auzoko emakumeei eskatuko bagenie haien albumak erakusteko? Eta album horiek espazio publikoaren muga zeharkatuko balute? Bi galdera horietatik abiatuta hasi genuen hau guztia.” 

Hasierako esperientzia horren emaitza dira Martzana kaian dauden “itsasadarraren zaindariak”. Baina Sanfraneko emakumeen ostean, beste hainbat zaindari etorri dira, beste hainbat argazkik egin dute albumetatik kaleetara salto Euskal Herriko auzo eta herrietan. Orain, baita Laudion ere.  

Argazkilaritza eta memoria

Baina, zertan datza zehazki Ainhoa Resanoren proiektua? Eta, gurera itzuliz, nola amaitu dute emakume horien argazkiak elizako paretan? 
Bada, kasu honetan, Udaleko Gobernantza Feminista arloaren eta Laia Eskolaren eskutik heldu zen artista bisuala Laudiora; baina prozesua, egokitzapenak egokitzapen, antzekoa izaten da doan lekura doala. 

Hala azaltzen du berak: “ELLAS topaketa bat da. 65 edo 70 urtetik gorako emakume talde baten topaketa. Haiek dira familiako argazki albumen azken zaindariak eta albumek etxekotutako memoria bat gordetzen dute: asko bizi eta publikoki oso gutxi kontatu duen belaunaldi baten memoria”.

Oro har, argazkiak gizonezkoek egiten zituzten arren, gero albumetan biltzea eta oroitzapenen gordailu horietako istorioak familiartean kontatzea, emakumeen esku geratu izan da, Resanok egindako topaketetan ikusi ahal izan duenez. 

Proiektuaren helburua, beraz, emakumeek gordetako eta “argazki bat abiapuntu duten kontakizun horiek bilatzea da. Argazkiarekin berarekin zerikusirik ia ez dutenak, ezpada inoiz ahoskatu gabeko bizipenekin. Irudi horiek utz diezaioten eremu intimo eta pribatuaren parte izateari, eta ohar gaitezen memoria kolektibo bat gordetzen dutela. Izan ere, argazki horiek handi egiten ditugu gero, tamaina publizitarioan, eta espazio publikora eramaten ditugu”.

Oroitzapenen taldea

Laudion, zehazki, zazpi emakume batu ziren proiektura: Lola Gomez, Aureli Picaza, Bego Monasterio, Marisa Magallón, María Benita Eguiguren, Miren Goti eta Toñi Gallego. Bizpahiru hilabetez elkartu dira, bakoitzaren albumak birbisitatu eta fotozinema moduko bat egiteko: “Haurtzarotik, lanetik, existitzen ez ziren lekuetatik… igaro dira”, dio Resanok, “istorio pertsonaletatik memoria kolektibora”. 

Argazkiak hautatu eta kokapena finkatu beharra zegoen ostean. ELLASen gidariak hasieratik izan zuen gogoko elizako pareta hura eta parte hartzaileek ere egoki iritzi zuten. Zorionez parrokoa proposamenaren alde agertu zen eta “elkarlan” edo “konkista” horrek bereziki poztu izan du Resano. 

Laudioko Udalaren prestutasuna ere nabarmendu nahi izan du artistak, horrelako ekimenak “erakunde publikoei esker eraman ahal baitira aurrera” eta positiboa delako “udalerri bat irekia egotea bertako hormak ere istorioak kontatzeko baliatzera”. 

Zer egin dute?

Testuingurua zabal emanik, heldu gara mamira. Izan ere, jendeak “Zer egin dute hor egoteko?” galdetu duenean, egiatan “Zer egin dute leku hori merezi izateko?” da buruan izan duena.

Horregatik, Resanok dio, memoria-lanek nahasmena dakarte askotan. Eta herrian ekarpen gogoangarriak egin dituzten emakumeei aitortza egitea garrantzitsua dela baiesten duen arren, ELLASen funtsa beste bat dela argi utzi  du: “Nik memoria anonimoarekin egiten dut lan; herriari, lantegiei, zaintzari eta beste mila gauzari eutsi dieten emakume anonimoekin. Emakume horiek dira beren amei eta amonei buruz lehen pertsonan hitz egin dezaketen azkenak, eta nik lehen pertsonan kontatutako testigantzetan sinesten dut. Ez bakarrik erreparazio-ekintza gisa, baizik eta ezagutzaren eta aitortzaren transmisio gisa. Funtsezkoa da hori, bai guretzat eta baita hurrengo belaunaldientzat ere. Izan ere, Historia Handian idatzita ez dauden istorio asko daude, herri eta belaunaldi baten bizitza osatzen dutenak”.

"Lola Gomez, Aureli Picaza, Bego Monasterio, Marisa Magallón, María Benita Eguiguren, Miren Goti eta Toñi Gallego batu dira proiektura"

Irudiak banan-banan

Argazkiak kontatuko baditugu, egin dezagun modu ordenatuan. Has gaitezen ezkerretik, aldaparen behealdetik.

Lehenbiziko argazkia María Lararen erretratu bat da. Bere begirada sakonak bereganatzen du gure arreta guztia. Zer ezkutatzen dute begi argi horiek, María? Bere alaba Lola mintzatu zaigu amaz. 

Kontatu digu 16 urterekin utzi zuela jaioterria, Burgoseko herri txikia, eta Arrigorriagan familia aberats baten etxean sartu zela lanera. Lolak dio mila aldiz kontatu zuela bere amak anekdota: “Bere lehenengo egunean, bisigua eta azpizuna zegoen afaltzeko. Baita langileentzako ere. 1941ean, gerraoste betean”. 

Dena ez zen izan arrosa-kolorekoa, ordea, ugazabandreak jasanezina egin baitzion bizitza. Etxeko beste langile batek lagundu zion beste lan bat topatzen, eta aholku bat ere eman zion: “Nagusiak noizbait zerbait egingo balizu, alde egin ezer esan gabe. Errua zuri egotziko dizute beti”. 85 urte geroago emakumeok horrelakoak entzuten jarraitzen ditugula ohartarazi du Lolak. 

Villosako bankuarena

Bigarren argazkiko atzeko planoan, Villosa da ikusten dugun faktoria. Aureli Picaza dugu protagonista, metalezko banku gorri batean eserita. Argazkiaren testuingurua ondo oroitzen ez badu ere, txantxetan dio: “18 urte baino ez nituen izango eta dagoeneko nekatuta nengoen. Nekatuta jaio nintzen ni!”.

Argazkilaritzaren zale amorratua izan da betidanik Aureli: “Album mordoa dut: lehenak zuri-beltzean, gero koloretan… Eta orain maite dut Hoffmaneko album digitalak egitea!”. Beharbada horregatik animatu zen ELLAS proiektuan parte hartzera, nahiz eta aitortzen duen hasieratik jakin izan balu bere argazkiak herriko plazan eskegita amaituko zuela, birritan pentsatuko zukeela. Beharbada horregatik, emaitza bera baino, bidean gainontzeko emakumeekin partekatutako uneak dira benetan balioan jartzen dituenak.

Itsasertzarena

Eta begirada eskumara eramanez gero, Villosatik itsasertzera bidaiatuko dugu jarraian. Bego Monasterioren ama ikusiko dugu argazkian, Garbiñe Mitxelena, lagun batekin, arroketan. Amaren bizitza jarraibide izan du Begok: bi saltoki kudeatu, seme-alabak hezi… 

Indar handia transmititu izan dio horrek beti, eta horregatik proiektu honetan parte hartzea aitortza egiteko modu bat izan da harentzat: “Beste belaunaldi bateko emakumeak ekarri ditugu lehen planora. Heroiak izan gabe gizarte honi ekarpena egin dioten emakumeak, isilean lan handia egin dutenak”.

Ikasmahaiarena

Erdiko argazkira heldu gara dagoeneko. Farolaren azpian ume bat ikus dezakegu ikasmahaian eserita, uniformez jantzia eta kamerari irribarretsu begira. María Benita Eguiguren da bera eta zuzenean argiaren azpian egotea feng shuirako txarra dela diosku.  María Benita ez da irudi hori albumetan duen bakarra, ikastetxe erlijiosoan egin ohi zuten ohiko argazkia baita: “Bertan eskolatu gintuzten gurasoek, hezkuntza hobea izango zelakoan edo. Handik laster atera nintzen, mojekin kokoteraino nengoen eta!”. 

Idazkari ikasketak egin eta enpresa batean 35 urtez lanean egona da gero, haren amaren eta garai bateko eta besteko emakume askoren antzera seme-alabak zaintzeko lana utzi izan behar izan zuen arte: “Garai hartan oso zaila zen kontziliatzea. Gaur egun zaila da oraindik ere”. 

Eskaintzarena

María Benitaren alboko argazkiak badu besteek ez duten zerbait. Arreta handia eta irudimen apur bat jarriz gero irakurri daiteke: “Con cariño, para Fermín”. Esperanza Nicolásek idatzi zuen, garai hartan senargai zuen gizonari eskainia. Fermín eta Esperanzaren alabak, Marisa Magallónek kontatu digu, irribarrea ahoan eta begiak dir-dir. Irudian, ezkerraldeko beste hainbat emakumeren antzera Areetako etxe batean zerbitzatzen zebilela lankide zuen Amelia lagunarekin ageri da. 

Etxeetatik kanpo ere lan-ibilbide luzea izan zuen Esperanzak. Beharbada etaparik xelebreena alargundu eta gero heldu zitzaion: Viajes Ecuador agentziako jabeentzat lanean hasi eta Madrilera bizitzera joan zen haiekin, hemen seme-alabak dagoeneko ezkonduta eta etxetik kanpo zituela. 

Txakurrarena

Ari gara dagoeneko azken argazkietara heltzen, azken errelatoak kontatzen. Julia Aramendiren txanda da orain. Gorbeiaren magalean jaiotako emakume hau Bilboko Kale Nagusian etxe batean neskame zebilen irudia hartu zen garaian, bere alaba Miren Gotik azaldu digunez: “Gogorra egin zitzaion, euskaraz baino ez  zekienez barre egiten baitzioten”. 

Bere ama izan zena ondo islatuko zuen irudi bat hautatu nahi izan zuen Mirenek eta orain guztiontzat ikusgai dagoen honen alde egin zuen azkenean. “Txakurren maitale sutsua zen”, dio Juliaren alabak, “oso sentibera zen eta Bilbon lanean zebilenean izugarri botatzen zuen faltan bere ama eta baserria. Ahal zuen aldiro itzultzen zen bisitan”. Bere burua ikusten du Mirenek amaren izaeran.

"Historia Handian idatzita ez dauden istorio asko daude, herri eta belaunaldi baten bizitza osatzen dutenak”

Bigarren erretratua

Kontakizun-sorta hau hasi dugun modu berean amaituko dugu: erretratu batekin. Kasu honetan, María Agüerorena da. Ama aipatu eta segituan hunkitzen da Toñi Gallego, oso gaztea zela galdu baitzuen. Hamairu urte baino ez zituen ama hil zenean eta, hortaz, rol hori hartzea egokitu zaio Toñiri maiz. Bere alboan denbora gehiago igaro ezin izanak penatzen badu ere, erreferente erabatekoa izan du Toñik ama, eta aitortu digu unerik gogorrenetan bere akorduak lagundu diola aurrera egiten. Horregatik, bere argazkia herriko hormetako batean ikusgai egoteak harrotasunez betetzen du, “egin daitekeen omenaldirik politenetakoa” baita. 

Zirrikituak arakatu ditugu eta ikusi dugu hori dela ELLAS, hori egin dutela emakume horiek: omenaldi bat, bide publikoan disrupzio bat, isilean gogor lan egindako emakume anonimoei aitortza, familiako albumen pribatutasunaren mugak zeharkatzea eta oroitzapen intimoetatik memoria kolektiboa eraikitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide