Laudiok Hari Gorriak ekimena jasoko du urrian zehar, elkarteak eta herritarrak lotzeko jarduerekin

Garazi Cuadra Alvarez

Hari Gorriak ekimenaren aurkezpena, elkarte desberdinen parte-hartzearekin. /Laudioko Udala

Hitzaldiak, tailerrak eta hainbat jarduera antolatuko dituzte, kolektiboen errealitateak ezagutarazteko eta inklusioa, herritarren parte-hartzea eta elkartasuna sustatzeko.

Laudiok Hari Gorriak ekimena hartuko du urriaren 15etik 30era, elkarteen lana ikusarazteko eta herritarren arteko harremana sendotzeko. Jarduerak Aldai plazan eta Herriko plazan egingo dira nagusiki, baita Udaleko beste espazio batzuetan ere. 

Egitarauak hainbat gizarte-errealitate landuko ditu, hala nola osasun mentala, desgaitasuna, adineko pertsonak, minbizia, jokoarekiko mendekotasuna, gazteak eta kultur aniztasuna. Horretarako, hitzaldiak, musika, tailerrak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte. Helburua hainbat kolektibo egoerak herritarrengana hurbiltzea, inklusioa sustatzea eta konpromiso soziala indartzea da. 

Laudioko Udalarekin batera, hainbat elkartek hartuko dute parte egitasmoan, besteak beste,  Asajer, Asasam, Asites, Caritas, Bor Bor Elkartea, EPA Laudio, Etawasol, Adsis fundazioa, Ongi Etorri, Sartu Araba, Solastiar, Susterra, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartea, Gurutze Gorria, Ezina Ekinez Egina, Nagusilan, Solastiar, TEL Euskadi eta UNRWA. Kirikiño taldea  ere batu da egitarauko jardueretara. 

Hari Gorriak ekimenaren baitan, hitzaldiak, musika, tailerrak eta bestelako jarduerak daude.

Atzoko egunean burutu zen ekimenaren aurkezpenean, Ainize Gastaka alkateak komunitatea eraikitzeko eta elkartasuna indartzearen aldeko aldarrikapena egin zuen:  “Herri bat ez dute soilik kaleek, eraikinek edo zerbitzuek osatzen; herria, batez ere, pertsonen arteko harremanek eraikitzen dute”. Honi jarraiki, adierazi zuen “elkar ezagutzea, entzutea, zaintzea eta behar dugunean elkarri eskua luzatzea" ezinbestekoa dela "komunitate sendo bat izateko”.

Aurkezpenean ere, Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Altunak, ekimenaren izenak berak proiektuaren funtsa jasotzen duela azaldu zuen: “Hari Gorriak gogorarazten digu, errealitate oso desberdinak bizi arren, guztiok gaudela nolabait elkarri lotuta. Hari fin horrek atxikimendua, zaintza eta beste pertsonarekiko lotura irudikatzen ditu”. Hari Gorriak ekimenaren bidez, “elkarte bakoitzak bere kolektiboa, bere errealitatea eta bere mezua ekarriko ditu, baina guztien artean sare bera ehunduko dugu”, azaldu zuen zinegotziak. 

Altunak nabarmendu zuen, gainera, ekimena ez dela jarduera-programa hutsa: “Gure helburua elkarteek urte osoan egiten duten lana ikusgarri egitea da, baina baita askotan gertutik ezagutzen ez ditugun errealitateetara hurbiltzea ere. Elkar ezagutzeak elkar ulertzen laguntzen digu, eta hortik eraikitzen dira herri inklusiboagoak eta kohesionatuagoak”. 

Hari horren irudikapen gisa, elkarte bakoitzak kometa bat apainduko du, bere errealitatearekin, beharrekin edo kolektiboarekin lotutako mezu batekin. Kometa guztien buztanek bi zinta gorri izango dituzte, proiektu osoa lotzen duen hariaren sinbolo gisa. 

Elkarte bakoitzak bere mezua duen kometa apainduko du, eta bi zinta gorriek proiektuaren batasuna eta kohesioa irudikatuko dute.

Era berean, herritarren elkartasuna sustatzeko, Zaporeak, Ondo Etorri eta Caritas erakundeentzat diru-bilketak edo bestelako elkartasun-bilketak egingo dira. 

Hari Gorriak, azken batean, Laudion komunitate kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzea du xede, herritarren eta elkarteen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuz. 

Hainbat jarduera datozen asteetan 

Hauek dira egingo dituzten jarduerak:

  • Urriak15: Kontakizunen irakurketa, 11:00etan eta musika-emanaldia, 12:00etan Herriko plazan.
  • Urriak 16:  Esperientzia-zirkuitua 17:00etan eta Ezinezko irakurketa, 19:00etan Aldai plazan.
  • Urriak 17: Jolasak eta kometa tailerra, 10:00etan Aldai plazan.
  • Urriak 18: VII. Osasun mentalaren aldeko martxa soziala, 10:00etan Herriko plazan.
  • Urriak 22: Enpatia-tailerra, 10:30ean eta “Mitoa ala errealitatea” 12:00etan Herriko plazan.
  • Urriak 23: Jarduera fisikoa, 12:00etan Aldai plazan eta “¿Estamos bien conectados? Jóvenes, tecnología y salud mental” hitzaldia 17:30ean Kultur Etxean.
  • Urriak 24: Ibilbidea Santa Luziara, 10:00etan Herriko plazatik hasita.
  • Urriak 25: Eskumuturreko tailerra, 10:00etan Azoka plazan.
  • Urriak 29: Hazien tailerra, 10:00etan Herriko plazan eta Jokorik gabeko eguna, 11:00etan Aldai plazan.
  • Urriak 30: Argazki erakusketa, 11:00etan Herriko plazan eta Tribial erraldoia, 17:00etan Aldai plazan.
  • Urriak 31: “Palestinako emakume errefuxiatuen ahotsak” irakurketa, 11:00etan Herriko plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide