Euskal Pilota Egokituak hitzordu garrantzitsua du datorren urriaren 12an Laudion. Arabako Irekiaren finala jokatuko da egun horretan Aretako Udal Pilotalekuan. Atzo egin zuten ekitaldiaren aurkezpen ofiziala Laudioko Herriko plazan, eta finalean arituko diren kirolari guztiak elkartu ziren bertan.
Asteleheneko zitak garrantzia bikoitza du gainera. Izan ere, Arabako Irekiaren lehen edizioko finala izango da Aretan jokatuko dena. 2018an ekin zion bideari Euskal Pilota Egokituaren zirkuituak, eta aurten aurrenekoz EITBren babesa jaso du ekimenak. "Gipuzkoa eta Bizkaian egindako bideak hauspotuta, aurten Arabako lehen Irekia jokatu da, parte hartze eta maila oso altuarekin gainera", adierazi dute urriaren 12 ko finalaren atarian.
Final handia
Iragan irailaren 26an Amurrion jokatu ziren kanporaketek "final oso ireki eta orekatuak" utzi dituztela adierazi dute antolatzaileek. Adimen urritasun mailako finalean Ibai Gomez-Izan Corts eta Sehiela Cueto-Eneko Sagarmendi bikoteek ikusiko dute elkar aurrez aurre. Eneko Sagarmendi, Lander Ortegarekin batera Gipuzkoako Irekia irabaztetik dator. Gainerako hiru pilotarientzat lehenengo finala izango da astelehenekoa.
Partidak zuzenean jarraitu ahalko dira ETB1 eta ETBON kanaletatik, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Gurpildun aulkiko finalean, aldiz, Juanjo Rodiguez-Aingeru Senperena eta Manu Quesada-Gorka Alvarez bikoteak arituko dira. Txapelketako irabazlea ebazteaz gainera, zirkuituko pilotaririk onena ere ebatziko da asteleheneko norgehiagokan. "Aingeru Senperenak Beñat Lizasorekin Gipuzkoako Irekia irabazi zuen eta Laudion bere bigarren txapela batu dezake Juanjo Rodriguez lagun duela. Edorta de Antak, aldiz, Bizkaiko Irekia irabazi zuen Basaurin Sergio Rodriguezekin eta ikusteke dago nor den bigarren txapela eskuratzeko gai", azaldu dute txapelketako antolatzaileak.
Partidak zuzenean jarraitu ahalko dira ETB1 eta ETBON kanaletatik, eguerdiko hamabietatik aurrera.