Izan Corts-Ibai Gomez eta Manu Quesada-Gorka Alvarez bikoteak gailendu dira Arabako Pilota Egokitua Sariko lehen edizioan, Adimen urritasuneko eta urritasun fisikoko kategorietan, hurrenez hurren.
Gaur jokatu dira norgehiagokak Aretako frontoian, eguerdiko hamabietatik aurrera, eta ETB zuzenean emititu du kirol topaketa. Hirugarren partidu bat ere jokatu da, Adimen urritasuneko hastapen mailakoa, eta horretan Daniel Calviño eta Joel Garcia atera dira garaile.
Emaitzak emaitza, "kirolari guztien kuraia eta kiroltasuna" goraipatu dituzte antolatzaileek. Euren hitzetan, "bidai luzeenak pausu txiki batekin hasten dira eta pilota egokituak emanak ditu lehen pausu zail horiek". Izan ere, azaldu dutenez, duela zortzi urte ekin zitzaion Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusia antolatzeari, eta gaurkoarekin urrats bat gehiago eman da Araban.
Argazkiak: Euskal Pilota Egokitua