Aretako Kultur Etxeko taberna zerbitzua martxan berriz

Aimar Gutierrez Bidarte

Aretako herritarren topagune izan da urte luzez Aretako Kultur Etxea. / Aiaraldea.eus

Urriaren 30ean zabalduko ditu ateak Aretako Kultur Etxeko taberna zerbitzu berriak. Espazioa herritarren topagune izatea dute xede, Aretako "bizitza soziokulturalaren erdigune".

Taberna zerbitzua berrabiaraziko dute Aretako Kultur Etxean, herriko bizilagunen urte luzetako eskakizunari bide emanez. Duela zazpi urte eten zen taberna eskaintza bertan, eta orain, Udalarekin sinatutako esleipenari esker, 2027ra arte luzatuko da zerbitzua hasiera batean.

Tabernaren kudeaketak gaur egun Aretako Kultur Etxean erabilpenik ez duten espazioak biziberrituko ditu; hala nola, barra, sukaldea eta eraikinaren atzean dagoen lorategia.

"Helburua ez da taberna zerbitzu bat eskaintzea soilik, Kultur Etxea Aretako bizilagunok merezi dugun topagune bizi, euskaldun eta belaunaldi artekoa bihurtzea baizik. Horretarako, atezaintza eta barra zerbitzua eskaintzeaz gain, agenda soziokultural anitza antolatu egingo da"

Proiektuaren kudeatzaileek Aretako Kultur Etxea herritarren topagune izatea dute xede: "Gure premisa eta mugiarazten gaituena sinplea da, Aretako kultur etxea gune biltzaile bezala eta honen inguruan egiten den lanean sinesten dugu". Kultur Etxea "ondasun publikoa" dela aldarrikatu dute taberna proiektua abiaraziko dutenek, eta "mimoz" tratatzearen beharra azpimarratu.

Balioan jarri nahi izan dute  ere Kultur Etxeak Aretako bizitza soziokulturala "artatu eta antolatzeko" berrogei urte luzez jorratu duen papera, eta helburu berdinari jarraituz heldu diote taberna zerbitzuaren kudeaketari. "Helburua ez da taberna zerbitzu bat eskaintzea soilik, Kultur Etxea Aretako bizilagunok merezi dugun topagune bizi, euskaldun eta belaunaldi artekoa bihurtzea baizik. Horretarako, atezaintza eta barra zerbitzua eskaintzeaz gain, agenda soziokultural anitza antolatu egingo da". 

Euskararen presentzia

Taberna zerbitzu berriak euskara ardatz izango duela aurreratu dute ere, proiektua aurkeztearekin batera: "Euskara izango da proposamenaren lan-hizkuntza, eguneroko arretan, karteldegian, sare sozialetan eta errotulazioan erabiliko dena".

Urriak 30 irekiera

Kultur Etxeko tabernak urriaren 30an irekiko ditu ateak. Aurretik hainbat auzolan deituko dituzte espazioa atondu eta guztia martxan jartzeko, eta hauetara bertaratzeko deia luzatu dute. Oraindik ordutegi finkoa zehaztu ez duten arren, zerbitzua astelehenetik larunbatera eskainiko dela ziurtatu dute, goiz zein arratsaldez.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by @kultur.etxea.taberna

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide