Industria politika "langile klasearen zerbitzura" jartzeko proposamenak aurkeztuko ditu ELAk ostegun honetan Laudion. Arratsaldeko seietan izango da zita Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan.
Aitor Murgiak hartuko du hitza bertan, sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradunak. Bera dago, besteak beste, langile erakundeak atondutako Industria politika langile klasearen zerbitzura. Diagnostiko eta proposamen integrala ikuspegi ekosozialetik txostenaren atzean, eta dokumentu horren gako nagusiak aletuko ditu solasaldian.
Tesi hau planteatu du ELAk txostenean: industriak "funtsezkoa" izaten jarraitzen duela "ongizate kolektiborako", baina orain arteko industria politikek ez dutela hori lehenetsi, "errentagarritasun pribatua bermatzera bideratuak" egon direlako.
Horren aurrean, hainbat neurri proposatu ditu sindikatuak, hala nola Industria Partaidetzen Euskal Erakundea sortzea, garapeneko banku publiko bat eratzea eta industria-sarearentzako alerta goiztiarreko sistema ezartzea.
Hori bermatzeko, hiru printzipio jarraitu behar direla aldarrikatu du sindikatuak: "Enpresa estrategikoen jabetza publikoa, kooperatiboa edo soziala sustatzea; langileek erabaki ekonomikoetan benetako partehartzea izatea bermatzea; eta ekoizpena gizartearen beharrak asetzeko bideratzea, muga ekologikoak errespetatuz".
