Igor Arzuaga Gumuzio musikari aretarra hil berri da. 1976an jaioa, erlatiboki gazte zendu da, baina diskografia eta lan mordoa utzi ditu oinordekotza gisa.
Igor etxean abiatu zen musikaren munduan eta zorioneko bi aldagaik egin zuten bat bere bizitzan. Alde batetik, bere ama musika irakaslea zen. Bestetik, Igorrek gaitasun natural izugarriak zituen doinu eta melodiak josteko eta musikarekin zerikusia zuen edozein kontutarako. Ume lasaia baina aldi berean aktiboa izan zen eta futbola baino, nahiago zuen errekan jolastu edo mendian txabolak egin. Gainera, musikak berehala eragina utzi zuen bere egunerokoan.
Musika eta nortasuna
Esaterako, nerabezaroan sartzean bere nortasunaren bila hasi zen eta Kortaturen zale porrokatu bilakatu zen. Ondorioz, redskin estetika guztia hartu zuen. Bere lagunek azaldu dutenez, keinu horrek bere izaeraren zenbait ezaugarri azaleratu zituen, gogoko zuen horretan muturreraino buru belarri sartzea eta bere iritziekin aurrera egitea, kosta ala kosta.
Bere ile motza, bomber jaka handia eta ia belaunetaraino heltzen ziren Martens bota gorriak ikusita, inor gutxik pentsa zezakeen kaskamotz hura Juan Carlos Perez, Tom Waits, Albert Pla edota Mikel Laboaren musikaren eraginpean bizi zen bakarlari sentikorra izango zenik, baina ezaugarri hori mugarri izan zen erabakiak bere moduan hartzeko.
Nerabe garai horietan azaleratu zen bere izaeraren beste marka bat: amodio erromantikorako joera eta ondorioz, ez da harritzekoa, amodioa izatea bere abestien gaietako bat.

Musikak hegoak eman
Arzuaga nerabea Aretatik ateratzen hasi zen Laudio Institutura joan zenean ikastera, eta apurka-apurka mundua ezagutzen joan zen. Horrez gain, trikitilari moduan hara eta hona ibiltzen zen herriko taldearekin. Laudion ere entretenimendurik ez zuen falta: Jarraiko kidea zen eta Laudioko Gaztetxetik pasatzen zen, baita Skuatetik ere; baina herria ere txiki geratu zitzaion. Trikitia hartu eta Bilbora mugitu zen Alde Zaharrean eta beste zenbait lekutan jotzera eta dirua eskatzera.
Exkixu, Eitina eta Une Latzak taldeen eskutik igo zen oholtzara, baina herriko trikitilariekin ibiltzen hasi zen lehenago
Izan ere, Igorrek bakarrik hegan egiteko neurririk gabeko gogoa adierazten zuen eta horrek talkak ekarri zizkion etxean. Bizitza osoan Arzuaga eta Gumuziotarren etxean zaindua baino zainduago eta maitatuago bizi izan bada ere, adingabea zenean bi astez egin zuen ihes, berriro agertu zen arte.
Bere abenturekin jarraituz, trikiti txango horietako batean Gernikan amaitu zuen. Kale horietan zehar jotzen ari zela ezagutu zuten Exkixuko kideek, eta une hartan pil-pilean zegoen taldera batu zen. Eitina folk taldearen sortzaile eta konpositore ere izan zen.
Gainera, garai hartan Iñigo Navarrok eta bere lagun Zigor Gorostiagak banda baten lehen kimuak zituzten esku artean. Entsegu hutsak ziren, baina Zigorrek bere lagun Igor erakarri zuen, eta esperimentua talde itxura hartzen hasi zen. Zalantzarik gabe, gazteena izan arren, musikari finena zen Igor, eta baxua joz gobernatzen zituen abestiak. Hala ere, inoiz ez zen harroputza edo bereziki exijentea izan kideekin. Laster Julen Arzuagari proposatu zioten taldearekin bat egitea eta horrela sortu zen Une Latzak laukotea.
Proiektuak urte gutxi iraun zuen, baina a ze urteak! Hasteko, Green Day talde estatubatuar ospetsuarekin jo zuten, eta horrez gain, Euskadi Gaztearen maketa lehiaketan publikoaren aipua jaso zuten. Exkixurekin ere egin zituzten kontzertu batzuk, eta ematen zuen Une Latzak taldea euskal musikaren lehen mailara igaroko zela, baina Iñigo Navarro uda batean kanpora joan zen lan egitera eta Zigor Gorostiagak Zaragozan ikasteari ekin zion. Prestatutako disko bikaina ez zen inoiz grabatu, nahiz eta maketa bat utzi zuten lekuko gisa.
Taldea desagertu izanak errepresioarekin ere zerikusia izan zuen: Laudioko Skuata zein Gaztetxea itxi zituzten, eta horrela, Ertzaintzak erabat desagerrarazi zuen Laudioko musikaren habitata. Gerora, errepresioa bere bizitzaren izaera marrazteko beste baldintza oso garrantzitsua izan zen.
Une latzak, baina benetakoak
Gazte-gaztea izanik ere, Igor Arzuaga bizipen koktelera batean sartu zen urte gutxi baina erabakigarrietan; zeinak, denbora igaro ahala, bere buru-osasuna kaltetuko zuen. Berez, ezin zaio aldagai bakarrari egotzi gaixotasuna agertu izana, arrazoi genetikoak ere egon daitezkeelako, baina lagunek nabarmendu dute txikitatik sumatzen zutela sentsibilitate berezia zuela Igorrek eta horrek zaurgarri ere egiten zuela. Zein egoerek eragin zuten gaitza azaleratzea? Zeintzuk izan ziren katalizatzaile nagusienak? Ez dago argi, jakina. Batzuentzat batzuk izan ziren detonante nagusiak eta besteentzat beste batzuk.
New Yorken une zailak eta gogorrak bizi arren, positibotzat jo zuen esperientzia.
Dena den, Skuateko kide baten bitartez, New Yorkera bidaiatu zuen bere trikitiarekin, eta Askatasunaren Estatuaren hirian une gozoak izan zituen, dudarik gabe, baina momentu gogorrak ere, kale gorria eta prekarietatea oso gertutik ezagutu baitzituen, besteak beste. Aretara itzuli zenean, argi sumatzen zen han txarto ere pasa zuela. Hori bai, Igorrek beti jo zuen esperientzia izugarri aberasgarri eta positibotzat eta horren zertzeladak utzi zituen bere abestietan, azpian entzun daitekeen moduan.
Euskal Herrian, aldiz, ez zuen lagundu Exkixu taldean ibilitako garai hartan izan zuen bizitza ereduak (desorduak, zenbait substantziarekin harremana...), ezta bere burua kaltetzen amaituko zuen errepresioak berak ere. Izan ere, poliziak Laudio eta Aretako sei gazte atxilotu zituen kale borrokako ekintzetan parte hartu izana egotzita, eta Aretako beste hiru harrapatzen ere saiatu zen, horietako bat Igor bera.
Kasualitatez, aretarra ez zegoen etxean gau hartan, eta bere bila agertu ziren arren, ez zuten atxilotzerik izan. Bere lagunak espetxean zeuden bitartean, Igorrek klandestinitatean igaro zuen hilabete bat baino gehiago, ia isolamenduan, eta bere pentsamenduetan murgilduta gehienbat. Ia bi hilabete igarota, Igor, bere anaia Julen eta Zigor Gorostiaga Auzitegi Nazionalean agertu ziren beren abokatuarekin boluntarioki deklaratzera, modu horretan poliziaren eskuetatik igarotzea ekidin zutelarik, bere lagunek tratu txarrak salatu baitzituzten.
Kale borrokaren kontra egindako sarekada batean bera atxilotzera agertu zen polizia, baina ez zuten harrapatu.
Hirurek uste zuten kartzelan amaituko zutela, euren lagunek bezala, eta motxila horretarako prestatuta zuten. Baina, ezustean, karguekin baina aske geratu ziren. Epaiketa hura 1999an izan zen, eta, ezustean berriro, Lizarra-Garaziko bake prozesuaren ondorioz agian, Aretako tren geltokia erretzeagatik kondenatu zituzten, baina espetxe zigorrak ez zirenez oso luzeak izan (aintzat hartu beharra dago 15 urteko eskaera zutela) zorionez, ez zuten presondegia barrutik ezagutu.
Gauzak horrela, aipatutako guztiak Igorren buru osasunean ondorio lazgarriak eta kronikoak izan zituen, gerora azaleratuko zirenak.
Errepresioa ez zen oharkabean igaro, ez bere bizitzan, ez bere artelanetan. Abertzalea izan arren, herrialdeen arteko mugak ez zituen bereziki gogoko, eta hainbat zentzutan, gehiago egin zezakeen bat ideia anarkistekin, baina errepresioak, berriro ere, Euskal Herriari estuki lotuta mantentzen zuen: Pablo Gorostiagaren kartzelaldian Igorrek bere abestietan aipatu zuen Laudioko alkate ohia eta, horrez gain, bere anaiak berriz ere zigor eskaera beldurgarriei egin behar izan zien aurre Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokian egindako lanagatik.
Sorkuntzak etenik ez
Gorabeherak gorabehera, Igorrek ez zuen inoiz galdu musika sortzeko grina. Popa, rocka, punka, baita euskal folk eta musika klasikoa edota tangoa ere izan ziren bere soinu banda.
Bere anaiarekin batera Narrats taldean aritu zen eta bere kabuz ekin zion musika egiteari, baina ez bakarrik. Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin edo Hasier Oleaga izan zituen bidelagun oholtzan, baita Josu Zabala ere. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin zortzi lan plazaratu zituen eta horiei Politburo Recording Fiasco Laudioko zigiluarekin argitaratutako beste bi lan gehitu behar zaizkie, Mara alter egoarekin plazaratutakoak: Lagun eroa eta Unibertsoa gu.

Tamaina horretako ekoizpen oparoa izanik, ez da harritzekoa Euskal Herriko hainbat txokotan jo izana, bereziki, Mara alter egoa baliatu zuen garaian, zeinean kontzertuak pianoa eta ahotsa bakarrik erabiliz eskaintzen zituen.
Eskualdean elkarlan bizia
Euskal Herrian musikaren harribitxi baten moduan ezagutu bazuten ere (musikarien artean gehienbat, eta agian ez horrenbeste publiko zabalari dagokionez), Aiaraldean sortzaile askorekin harreman sinbiotikoak izan zituen.
Euskal Herriko hainbat musikarirekin aritu zen, baina eskualdean ere hamaika bidelagun izan zituen.
Luis Vil musikariarekin Mara-Mara proiektuaren disko bat egin zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bitartez, eta Maria Rivero abeslaria lagun zutela, La Brigada Politico Social taldean ere aritu ziren. Andrea Ulloa, Izar Mendiguren Cosgaya, Ainhize Solaun, Irati Mendiguren Cosgaya, Gile Iturriondobeitia, Aritza Ortuzar, Laura Pelayo edota Julen Yarriturekin ere kolaborazio estuak izan zituen, baita Nando eta Alberto De la Casa anaiekin ere (Kometa Urdinak), inguruan izan zituen musikarietako batzuk aipatzearren.
Izan ere, Igorrentzat musika ingurukoekin harremanetan egoteko modu bat zen, eta berdin zitzaion trebeak edo ez horren abilak izatea. Halaber, musika eta olerkien bitartez, ekarpen politikoa ere egin zuen, eragileek eskatzen ziotenean han baitzegoen Palestinaren edo euskal preso politikoen alde jotzeko.
Diskografia amaigabea
Musikariak izan zuen sorkuntza maila altua kontuan izanda, ez da harritzekoa bere abesti guztiak ekoiztuak ez izatea. Diskoren bat bere kabuz plazaratu zuen (El Perro Corredor, kasu), baina beste hainbat ez zituen jendartera zabaldu.
Bitxikeria moduan, nahiz eta oso gaixorik egon, urriaren hasieran bere musikak Laudioko parkearen inaugurazioan tokia izan zuen, omenaldi gisa, ekitaldia bere piano pieza batzuekin girotu baitzuten.
Sorkuntzaren adar gehiago
Edonola ere, Arzuaga ez zen mugatu adierazpen diziplina bakarrera. Uhinak Irratiko Ojodagila umore saioko kidea ere izan zen (umore benetan bitxia baitzuen, Mara gisa aritu zenean erakutsi zuen moduan), eta ez zion uko egin irudia zein hitzak lantzeari ere. Margolari moduan erakusketak egin zituen Aretan zein Laudion, baita ilustrazio liburutxoa argitaratu ere. Bere azken erakusketetako bat Orbeko Etxean egin zuen.
Olerkari gisa, abestietan ez bezala (zeinetan euskaraz aritzen zen nagusiki), gaztelerazko bi liburu utzi ditu: De espantapájaros y escarcha eta Embriagado de infinitos.
Hori guztia gutxi balitz bezala, antzerkian ere bizipenak izan zituen Mikel Ayllonen eskutik. Besteak beste, Takoidun Zapata Gorria, Hau Gerra Bat Da eta Hau Ez Da Gerra Bat antzezlanetan parte hartu zuen, musikari zein antzezle arduretan. Ayllonekin elkarlanean Mara feat Milay proiektua ere izan zuen.
Arzuagaren heriotzak hutsune ugari utzi ditu eskualdean. Lehenik eta behin, Zuhaitza liburudendan, non bere familiari laguntzen zion senideek eskaintzen zioten babes amaigabeagatik. Horrez gain, tokiko komunitate ugaritan ere bai (sortzaileak, politikoak, kulturalak eta lagunenak) igarriko dute bere falta.