Orain, Igor, oraindino hemen zaudelarik, baina hau irakurri ezin izango duzula dagoeneko dakidanean, Aiaraldeatik eskatu didate zuri buruz idazteko.
Eta nik, Anne Carson bezala, gertaerak eta aurpegiak erreskatatzen dituen testu bat —haiek gordetzeko gai den bat—idazteko gai izan nahi nukeenak, beldur naiz zuretzat bakarrik idatz dezakedala —eta suposatzen dut neuretzat ere bai—. Beldur naiz beste inorentzako baliagarria izango den ezer idazteko gai ez izatea. Beste inork ulertuko ez lukeen zerbait.
Azken hilabete hauetan gauza asko idatzi dizkizut —nahiz eta nahi baino gutxiago izan (1)— baina konturatzen naiz nire koadernotxoak eta bidali dizkizudan mota askotariko mezu guztiak arakatuz, sentitzen nuenaren parte bat behintzat —eta hainbeste zen— zuri kontatzeko premia bat nuela, zure ausentzian betiko galdu aurretik. Poema zatiak aurkitzen ditut, beste autore batzuen idazkien pasarteak, apur bat edo guztiz aldatuak, abesti puzkak... guztiak gure minari eta gure maitasunari egokituak. Gure adiskidetasunari buruzko bertsoak,
Amets zoragarri bat
herrialdeak eta urteak zeharkatzen dituena
Amets zoragarri bat
gaixotasunak eta ausentziak zeharkatzen dituena
hura definitzeko propio sortuak diruditenak. Eta uste dut, nolabait, puzka horiek guztiak elkartuta balioko luketela niretzat suposatu duzuna trasmititzen saiatzeko, ene lagun, hain maitea beti, mina, distantzia, gaixotasuna eta ausentziaren gainetik. Hain leiala, hain jatorra, hain ona, hain eskuzabala, hain argitsua.
Eta suposatzen dut sentsazio hori beste norbaiti ere transmititu diezaioketela, maite izan zaituzten pertsona guzti horiei —eta hainbeste izan dira— ni, Carson bezala, leihorik gabeko gela horretan geratzeko gai izango banintz, ezagutzen ez dugun guztitik garbitzeko, arreta edozein bibraziotan mantenduz, desagertu baino lehen erregistratzeko, gure oroitzapenak horrela barreia daitezen ekiditeko. Zeren, Elliotek esan bezala, deskribapen saiakera oro alferrikakoa den arren, oraindik agortu gabeko denbora zatiak geratzen dira, Igor.
Nork izenda ditzake gure transakzioak,
hartu-ezinezko haizearen sentsazioa gure masailetan,
isiltasuna espazioa zabalduz,
min ezezaguna
hegal izugarri baten lumaje beltza?
Hasieran poeten antzera dantzatzen genuen, eta gogoan zaitut —hamahiru urte eskas zenituela—, San Joan jaietan, lau lauko konpasa solfeatzen belar gainean etzanda jirabiraka, barrezka lehertzen ginen bitartean; eta urte gutxi batzuk geroago, New Yorketik bueltan, kontatzeko istorio andana ekarriz; edota, oraindik hain gaztea zinela, Bilboko Kafe Antzokiko agertokian, ikusleak aho betez irensten—ondoren aritzekoak ziren musikariak berriz, ikara eszenikoak jota dardarka zeuden bitartean—. Gogoan ditut ere, gau hartako argazkiak, Donostiako udazkeneko zeruen irudiekin batera Mara gisa argitaratu zenuen lehen diskoko liburuxkan erabili genituenak. Gogoan ditut gau horiek, Alde Zaharrean trikitia jotzen irabazitako txanponez poltsikoak beteta iristen zinenekoak, eta nola txanpon horiek guztiak —lagunekin zein ezezagunekin— partekatzen zenituen. Eta ondo gogoan dut noski, nola maite zintuzten denek. Gogoan ditut —nahiz eta zailtasun handiagoz izan—gure Euskal Herrian zehar galduta igarotako asteak. Haur galduak, kontzertu batetik bestera. Gogoan dut borroka eta
konpromisoa. Musika eta poesia. Maitasuna eta mina.
... eta bizitza honen urratutako ertzak, gogoan dut gaixotasuna —inoiz zu definitzera heldu ez zena, eta are gutxiago zu garaitzera—. Gogoan ditut urruntasun-aldiak, inoiz ez zirenak benetan hain handiak eta gogoan dut, batez ere, bata bestearentzat beti hor egongo ginatekenaren erabateko ziurtasun ukaezin hura, baldintzarik gabe, zalantzarik gabe eta aurpegiratzerik gabe.
Eta musika gogoratzen dut —urteak eta urteak—, beti musika, kontzertu bat bestearen atzetik. Zeureak eta besteenak. Hainbat aretotara egindako bidaia luzeak, hainbeste konturen inguruan berriro egunean jarriz. Eta azkenean, gogoratzen dut nola aurkitu genuen elkarrengana sinez itzultzeko bidea, hainbeste gauza partekatzeko denbora hartzen ikasiz, berriz ere.
Eta musika gogoratzen dut, Igor —beti musika— zure izatearekin banaezina, amaieraraino.
Ez al da sinestezina
bizitza hau partekatzeko aukera
izatera heltzea?
Hemendik aurrera, gutaz gogoratuko naiz, zure etxeko bankuan ekaineko eguzkitan, marraztu nizun zure azken erretratuan bezala —oraindik margotzen jarraitzen dudana (2) —pentsatuz,
Zenbat denboraz egon gaitezke hemen eserita
alde egin behar izan baino lehen?
Zenbat denboraz faltan nola botatzen zaitudan
esateko beharra izan baino lehen?
Orain, lore eta tabako usain bat geratu da horma ondoko bankuan, berde ilun eta iheskorraren artean. Han geratu dira zure ausentziaren itzalen dantzak, —betirako entzungo ditugun— zure isiltasunaren eguzkiaren kantuak.
Kimeraren lurraldeetan
berriro aurkituko zaitut.
Eta hamar musu emango dizkizut
Eta gero
Beste hamar.
Ene laguna,
/
b

(1) egunero egingo nuela idatzi nizun, testu honetan agertzen diren pusketa guzti horiek mezu hoien parte dira, Bolaño, Mallarmé, Pizarnik, Valéry, Carson, hainbat musikari eta talde…
(2) zure ondoan mantentzen nau, Igor.