HAKIMA A. CASTRO

“Liburua tresna psikologiko bat da gazteekin hitz egiten hasteko”

Txabi Alvarado Bañares

Hakima A. Castrok bere liburuaren bigarren edizioa plazaratuko du aurki. 

Laudion hazi zen HAKIMA A. CASTRO (Maroko, 1980) baina urteak daramatza Katalunian bizitzen eta psikologo moduan lanean. Lia y el secreto de la ciudad de cristal liburua argitaratu du, gazte eta nerabeen artean pantailen gehiegizko erabilera prebenitzeko helburuarekin.

Zein da liburuarekin zenuen asmoa?

Liburuaren lehenbiziko asmoa Espainiako gazte guztiengana heltzea da, 12-16 urte artekoengana batez ere. Azken finean, terapiara dirua duen jendea iristen da, saio bakoitzak 50-70 euro artean balio duelako. Nik proiektu ireki bat egin nahi nuen gazte guztiek izan zezaten aukera pantailen prebentzioa jasotzeko. Eskoletara iristea da liburuaren helburuetako bat, tailerrak egiteko, baina ez orain arte egin diren hitzaldi formatuetakoak. Hitzaldi horiek gurasoei zuzenduta daude gehienbat, eta ni konturatu naiz pantailak debekatzeak ez duela ezertarako balio nerabeei dagokionez. 

Hortik sortzen da proiektua, gazte horiei entzuteko nahitik, eurek esan dezaten zergatik baliatzen duten horrenbeste mugikorra edo zergatik konektatzen diren horrenbeste Internetera. 

Ipuin formatua aukeratu duzu liburua osatzeko. Zergatik?

Nire buruari galdetzen nion ea zein zen gazteengana heltzeko modurik egokiena, esan gabe zer egin behar duten. Liburuek badute boterea, bertan agertzen diren pertsonaiekin eta egoerekin identifikatzen garelako. Horregatik erabaki nuen istorio bat kontatzea, gazteak eurak euren kabuz konturatu daitezen gertatzen ari zaienaz, zer egin behar duten esan gabe.

"Erabaki nuen istorio bat kontatzea, gazteak eurak euren kabuz konturatu daitezen gertatzen ari zaienaz, zer egin behar duten esan gabe"

Helburua bete duzula esango zenuke?

Ez nuen imajinatzen heldu naizen puntura iritsiko nintzenik. Liburua nire Master Amaierako Lanetik sortu zen. Nire irakasleari asko gustatu zitzaion ipuina, eta argitaratu nezakeela iradoki zidan. Argi bat piztu zitzaidan orduan. Gazte guztiengana heltzea nahi nuen, baina nola egin nezakeen? Justo une horretan lehiaketa bat abiatu zuen Kataluniako Psikologoen Eskola Ofizialak. Kontakizuna aurkeztu eta bigarren saria lortu nuen. Nirekin harremanetan jarri ziren gero, Sant Jordin aurkeztu nezan. Niretzat ez da salmenta kontua, liburuak ez direlako asko saltzen. Niretzat garrantzitsuagoa da gazteek irakurri ostean ematen didaten iritzia. Duela egun batzuk 12 urteko neska batek marrazki bat bidali zidan, eskerrak emanez, orain garrantzia gehiago ematen ari zielako inguruan zituen pertsonei, Liaren istorioak eraginda. Mezu horiek dira niri axola didatenak. 

Nire kontsultetan ere erabili dut. Liburua oparitzen diet mugikorra asko baliatzen duten gazteei, eta erronka bat planteatzen diet: hurrengo saiorako Liaren sekretua topatzea. Motibazioa sortzen die horrek, eta hori abagune bat da eurek mugikorrarekin sentitzen dutenaz hitz egiten hasteko. 

Liburua baliabide bat da, beraz.

Erabat. Tresna psikologiko bat da gazteekin elkarrizketa bat abiatu ahal izateko. Izan ere, gazte askori zer moduz dauden galdetzen zaienean, ez dakite. Dakitena da mugikorra erabiltzen dutenean lasaitu egiten direla. Niretzat arazoa ez da horrenbeste erabilera-denbora, baizik eta zein zen erabiltzearen atzean dagoen arrazoia: zeozer ekidin nahi izatea, gaizki sentitzea, aspertuta egotea, antsietatea… hori argitzen dugunean aztertu dezakegu nola egin aurre. 

"Niretzat arazoa ez da horrenbeste erabilera-denbora, baizik eta zein zen erabiltzearen atzean dagoen arrazoia"

Mugikorraren erabilera arazoa edo arazoaren sintoma den argituta, alegia. 

Kasuaren araberakoa da. Nik izan dut nire kontsultan 12 urteko neska bat mugikorrarekiko erabateko adikzioarekin: klasetik itzultzen zenetik gauera arte zegoen pantailaren aurrean, eta gauean ere goizeko hiru-laurak arte aritzen zen sakelakoari so. Kasu horretan egin behar izan genuen lehen gauza izan zen denbora murriztea. Mugikorra erabiltzearen adikzioa alkohola edo beste droga batzuk erabiltzearen antzekoa da, edo online jokoetan aritzea bezalakoa, burmuineko zonalde berdina aktibatzen da. Dopamina da, uneoro. Mugikorra etengabe baliatzen duen haur bat mundutik deskonektatuta dago. 

Horregatik, egoera hori lantzeko mugikorretik deskonektatu behar dugu erabat. Sekulakoak gertatzen dira hurrengo asteetan: mundu guztia gorrotatzen du, ez du ezer egin nahi… baina behin hori guztia igarota, egoeraren jabe egiten hasten da. 

Badaude gazte askok depresioa edo bestelako arazoak dituztenak, baina mugikorrarekin daudenez badirudi guztia kentzen zaiela. 

Askotan esaten da belaunaldi berriak “kristalezkoak” direla, “ahulagoak” nolabait. Ulertzen dudanagatik, zu ez zaude horrekin ados. 

Belaunaldi berriei gertatzen zaiela bada badutela ihesbide oro erraz bat: pantailak. Bertara jotzen duten aspertzen badira edo pentsatu nahi ez badute. Gure garaian, aspertzen baginen, pentsatu egin behar genuen, eta gauzak sortu. Une honetan gazteek, ez dakitenez euren emozioak kudeatzen, pantailetara jotzen dute, etengabeko estimuluak jasotzeko. 

Horren guztiaren aurrean, zer egin daiteke?

Hezkuntza da niretzat garrantzitsuena. Haur hauek mundu digitalaren barruan jaio eta bizi dira, baina ez diegu bertan aritzeko hezi, guk geuk ere ez dugulako bertan aritzeko hezkuntzarik jaso, gure kabuz ikasi behar izan dugu. Horregatik nahi dut hezkuntza emozionalari buruzko programa bat garatu ikastetxeentzat, pantailen erabilera prebenitzeko; ez pantailak debekatzeko, erabiltzen irakasteko baizik. Mugikorra ez da erabili behar aspertuta edo zerbait ekidin nahian zaudenean, behar denean erabili behar da: informazioa partekatzeko etbr. Oso ondo dago mugikorrarekin jolastuz gozatzea, arazoa da hori egiten duzunean duzun arazo batean ez pentsatzeko.

"Haurrek ikusten duten lehen gauza da gurasoak mugikorrari so daudela toki guztietan, eta etxean ikusitako hori da gero egingo dutena"

Haurretan eman behar da pantailen gaineko heziketa hori, baina baita senideengan ere. Haurrek ikusten duten lehen gauza da gurasoak mugikorrari so daudela toki guztietan, eta etxean ikusitako hori da gero egingo dutena. Guraso askok esaten dute seme-alabei ez dizkietela pantailak uzten. Eta orduan nik galdetzen diet: “Eta zuek?”. 

Haurrek kontsumitzen dituzten edukien nolakotasuna ere bada kontuan hartu beharreko faktore bat, ez?

Bai. Badago eduki asko haurrei kalte handia eragiten diena. Nik badut paziente bat zortzi urte dituena eta heldu bat bezala hitz egiten duena, kontsumitzen dituen edukien ondorioz. Uste dugu oraindik ez garela eduki horiek sortzen dituzten kalteez kontziente. El juego del calamar telesaila, adibidez, 6-7 urteko haurrek ikusten dute. Izugarria da. 

Gainera, algoritmoak erabakitzen du zer ikusten duzun. 

Eduki horiek garatzen dituzten enpresek psikoneuronlogoen aholkuak jaso dituzte. Sare sozialen helburua da ahalik eta denbora gehien inbertitzea bertan. Enpresa horiei mugak jarri beharko litzaieke, bost bideoko seinale bat jarriz, adibidez. Oso erraza da adikzio hori garatzea. 

Zer istorio kontatzen du zure liburuak?

Liak sekretu bat dauka, kristalezko beso bat dauka. Liburuak kontatzen du 12 urte betetzen dituenean besoa dirdira egiten hasten da. Lagunetatik urruntzen da, besoarekiko geroz eta menpekotasun handiagoa garatuz. 

Istorio horren bidez nahi dut gazteek eurek dituzten arazoak identifikatzea. Lia bada pertsonaia bat, baina liburua amaitzean ikusi dezakete eurekin antzekotasuna dutela. 

Liburuaren bigarren edizioa aterako duzu orain. Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Bigarren edizioan gida bat sartuko du, irakurleek laguntza eskatu ahal izan dezaten, askok ez dakitelako nola egin. Horrez gain, insitutuetan tailerrak ematen hasi nahi dut Bartzelonan bertan, eta Laudiokoarekin ere jarri naiz harremanetan bertan eskaini dezakedan ikusteko. Gustatuko litzaidake hori egitea, nik bertan ikasi bainuen.

"Haur askok esaten didate gurasoei notak bakarrik axola zaizkiela, ez dietela inoiz galdetzen zer moduz dauden. Aldatzen doa familiako kideen arteko komunikazioa, badirudi bakoitza bere munduan dagoela"

Tailer horien helburua ez da mugikorraren kalteei buruzko hitzaldi bat ematea, inondik inora. Helburua da liburua irakurri eta haur eta nerabeak entzutea, hori baita modu bakarra eurak euren kabuz jabetu eta aldatzen hasi daitezen. 

Badut beste proiektu bat, eskola jazarpenari lotutakoa. Hori baita 8-10 urte bitarteko pazienteen artean gehien topatzen ari naizen arazoetako bat. Oso babesgabe sentitzen dira. Ikastetxeetan badaude protokoloak, batzuetan aktibatzen direnak eta beste batzuetan ez. Aktibatzen den kasuetan arazoarekin amaitzen da, baina egoera pairatu duen haurrak gaizki egoten jarraitzen du: ez du eskolara joan nahi, segurtasun gabezia handia dauka… Eskoletan badirudi protokoloa aktibatzen denean dena amaitzen dela, baina nire iritziz ez, biktimak sufritzen jarraitzen duelako.

Horregatik, nire terapia saioak baliatzen ari naiz protokolo berri bat osatzeko. Aztertzen ari naiz nola garatu proiektu hori eskolekin, zaila delako euren zirkuituan sartzea, eurek jada badituztelako euren protokoloak. 

Aipatu ditugunez gain, zer bestelako arazo topatzen dituzu zure kontsultan?

Azkenaldian badatozkit guraso asko esanez euren seme-alabak ikasgai asko suspenditzen dituztela. Eskatzen didate tresnak ematea ikasketetan laguntzeko. Bada, gehien harritu nauena da kasu gehienetan ez zela ikasketa arazo bat, arazo emozional bat baizik. Ez gara konturatzen zenbat sufritzen duten haurrek, soilik ikusten dugu nota txarrak ateratzen dituztela. 

Haur askok esaten didate gurasoei notak bakarrik axola zaizkiela, ez dietela inoiz galdetzen zer moduz dauden. Aldatzen doa familiako kideen arteko komunikazioa, badirudi bakoitza bere munduan dagoela. Baditut pazienteak ez dutela euren gurasoekin ezer ere ez hitz egiten, eta horrek eragin dezake gazteen ez jakitea nola sentitzen diren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide