EH Bilduk salatu du Laudiok urrezko aukera galdu duela, atzo ez zirelako onartu HAPOren irizpideak eta helburuak

Aitor Aspuru Saez

HAPOren aurrerakinaren grafismoa.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko oinarriak ezartzen dituen dokumentua onartu gabe geratu zen atzo Laudioko Udalbatzan eta EH Bilduk oharra zabaldu du kritikatzeko horrek herrian dauden beharrei erantzutea oztopatuko duela.

Atzo Laudioko udalbatzara Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Irizpideak eta helburuak dokumentua eraman zuen udal gobernu taldeak, baina gehiengo osoa behar zuen onartzeko eta EAJk eta Omniak kontrako boza eman zuten eta PSE-EE abstenitu zen.

Gauzak horrela, udal gobernu taldeak hori salatu du prentsa ohar bidez: "Oposizioaren itxikeriak Laudio udal politikentzat funtsezkoa den dokumentu bat lantzen jarraitzeko aukerarik gabe utzi du. Eta blokeo horren ondorioz kaltetuta aterako direnak Laudioko bizilagunak izango dira".

Berez, egungo HAPOa 1993koa da eta azken hiru hamarkadatan herria zein gizartea eta beharrak asko aldatu direla aipatu zuen alkateak.

Bai oharrean zein atzo Ainize Gastakak egindako hitzartzean, EH Bilduk azpimarratu du parte hartzeko aukera ugari eman dizkiela oposizioko taldeei eta ez dutela, ireki dituzten epe guztietan, ekarpen bat bera ere egin, eta herritarrek, aldiz, 118 egin dituztela.

Udal gobernu taldearen iritziz, arazo nagusia izan da EH Bilduk aldi berean landu duela dokumentua alderdiekin eta herritarrekin, eta hori ez dutela atsegin izan oposizioko talde nagusiek.

Omnia haserre

PSE-EEk atzo hitza hartu ez zuen bitartean, Omniak eta EAJk luze azaldu zituzten euren desadostasunak Ainize Gastakarekin. Finean, Alvaro Barrios Omniako bozeramaileak, oso haserre, leporatu zion EH Bilduri gobernu koalizioan adostutakoa ez errespetatzea eta muzin egitea Omniak, EAJk eta PSE-EEk martxoan onartutako mozioari, zeinean eskatzen zuten lan prozedura aldatzea dokumentua onartzeko.

Omniako ordezkariak egitasmo zehatzak aipatu zituen HAPOn (trenbidea lurperatzeko 42 milioiko obraren erdia etxebizitza publikoen bitartez ordaintzea, Ugarte eta Zumalakarregiko errotonda lotuko zuen errepidea...) eta defendatu zuen herritarrekin dokumentua eztabaidatu baino lehen, adostasun politikoa behar zela. Barriosen aburuz, arazoa 2025eko aurrekontuak onartu eta gero sortu zen, EH Bilduk HAPOan adostutakoa aldatu baitzuen.

EAJren erantzuna

Gastakak aipatu zuen bere hitzartzean Irizpideak eta helburuak testua lantzeko akordioa proposatu ziotela jeltzaleei eta hauek uko egin ziotela sinatzeari azken unean.

EAJren aldetik, Ander Larrinagak leporatu zion martxoan onartutako mozioa (zeinetan oposizio osoak eskatu zion EH Bilduri HAPOren proposamena aldatzea) ez zutela euren gain hartu eta, ondorioz, ez direla benetan adostasuna lortzen saiatu. Horren adibidea da jeltzalearentzat Bautistako inguruetan eta Lipmesan eraiki nahi ziren etxebizitzen inguruko zalantzak argitu ez izana.

Halaber, Larrinagak gaineratu zuen arazoen muina ez dela EAJk akordioa sinatu ez izana, baizik eta EH Bilduren eta Omniaren gobernua apurtu zela: "2025era arte inor ez zen gurekin harremanetan jarri HAPOa lantzeko. Bi alderdiek bederatzi boto izango balituzte, ez lukete guregana begiratuko".

Alkatearen erantzuna

Bere aldetik, Ainize Gastakak errepikatu zuen hainbat bilera deitu dituztela dokumentua lantzeko eta oposizioaren erantzuna ezezko borobila izan dela beti.

Bere aburuz, ekarpenik jaso ez izana erakusten du oposizioak ez duela inolako asmorik izan akordioak lortzeko: "Proposatu dizuegu talde tekniko erredaktorearekin biltzea nahi beste eta beti esan duzue ezetz".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide