Omniak EH Bilduren 2027rako ordenantza fiskalen aurka egin du

Garazi Cuadra Alvarez

Omniako kideak, artxibo irudi batean. / Omnia

Talde politikoen arteko benetako negoziaziorik eta proposamenaren eragin ekonomiko eta sozialari buruzko azterketa nahikorik ez dagoela salatu du alderdiak. Horregatik, ez du proposamena babestuko, eta 2026ko ordenantza fiskalak izoztearen alde egin du.

OMNIAk gogor kritikatu du EH Bilduren gobernu-taldeak 2027rako aurkeztutako ordenantza fiskalen proposamena. Alderdiaren ustez, udalerriarentzat estrategikoa den gai bat lantzeko ez da behar besteko denborarik eman informazioa aztertzeko, eta ez da benetako negoziaziorik sustatu talde politikoen artean. Horrenbestez, proposamenari ezezkoa ematea eta 2026ko ordenantza fiskalak bere horretan mantentzea erabaki du.

Alderdiaren arabera, zerga-politikak adostasunean, gardentasunean eta azterketa zorrotzean oinarritu behar dira: “Ezinbestekoa da elkarrizketa, gardentasuna eta Udala osatzen duten talde politikoen arteko benetako adostasun-borondatea”, adierazi du alderdiak. Ildo beretik, EAJk ere uko egin dio EH Bilduren proposamenari eta prezio publikoak berrikusteko azterketa ekonomikoa eskatu du.

Zerga-politikaren oinarriei buruzko zalantzak

EH Bilduren proposamenak tasa eta prezio publiko gehienak izoztea eta zergak % 1,5 igotzea aurreikusten du. OMNIAk, ordea, planteamendu hori “populista” eta “elektoralista” dela kritikatu du, eta hauteskundeak hurbil egotearekin lotu du proposamena aurkeztea.

Alderdiaren ustez, gobernu-taldeak ez du behar bezala justifikatu zerga-igoera horren oinarria: "Behin eta berriz eskatu dugu aurreko urteetan hartu diren erabakien inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko azterketa orokor bat". Informazio hori gabe, alderdiaren iritziz, zaila da proposamenaren oinarriak ulertzea eta neurri fiskalek udalaren finantzetan zein herritarren egunerokoan izango dituzten ondorioak baloratzea.

Negoziaziorako denbora falta

Omniak EH Bilduren gobernu-taldeari leporatu dio prozesua presaka eraman izana eta negoziatzeko behar besteko tarterik ez ematea.

Azaldu dutenez, proposamena urriaren 2ra arte ez zen batzordean aurkeztu, eta astebeteko epea baino ez zen eman alegazioak aurkezteko.

Ondoren, urriaren 20an ebatzi zen proposamena batzordean, urriaren 26ko osoko bilkuran bozkatzeko. Egutegi horrek zaildu egiten zuen proposamena sakon aztertzea eta talde politikoen artean akordio bat lortzea. Gainera, ohartarazi dutenez, urriko osoko bilkuran onartuz gero, zaila izango zen legeak ezarritako epeak betetzea. 

Bestalde, Omniak onartezintzat jo du gobernu-taldeak proposamenaren porrotaren erantzukizuna oposizioari egoztea. Alderdiaren esanetan, arazoa ez da oposizioak proposamena babestu ez izana, baizik eta gobernu-taldeak ez dituela beharrezko baldintzak bermatu informazioa partekatzeko, proposamena aztertzeko eta adostasunak bilatzeko.

Era berean, uste dute proposamena ez dela behar besteko analisi ekonomiko eta sozialean oinarritu, eta hauteskunde-interesek eragina izan dutela planteamenduan.

Horren ondorioz, udalaren finantza-gaitasuna eta Laudioko herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea arriskuan jar daitezkela ohartarazi dute.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide