16 urteren ostean, Alvaro Barriosek amaitutzat eman du Omniako buru moduan eginiko ibilbidea. Jakinda Artarazek hartuko du bere lekukoa alderdi laudioarreko presidente moduan eta, horrenbestez, bera izango da baita alkategaia ere datorren urteko udal hauteskundeetan.
Talde politiko independenteak eskuorria banatu du herriko etxeetan erabakiaren berri emateko. Bertan azaldu dutenez, prozesu parte hartzaile baten ostean hautatu dute alkategai berria.
Eskuorri horretan, Barriosek azaldu du arrazoi "erabat pertsonal eta profesionalengatik" erabaki duela lekukoa ematea. "Egongo da tartea behar bezala agurtzeko, baina orain etorkizunera begiratzea dagokigu, eraikitakoa ospatuz eta Jakini eta proiektu ilusionagarri honi behar den guztian lagunduz", adierazi du alderdiaren sortzaile nagusienetako bat izan zenak.
Alvaro Barriosek 16 urte eman ditu proiektuaren gidaritzapean, eta Jakinda Artarazez ia 12 daramatza zinegotzi moduan.
Omniak Laudion betetzen duen funtzioa defendatu du Barriosek, "kontrapisu" bat dela nabarmenduta "bizefalia tradizionalak markatutako udalerri batean". Bere ustez, hori bermatzeko "erabateko bermea" da "Jakinen eta bere taldearen lidergoa".
Artarazek, bere aldetik, azaldu du Omniaren asmo bakarra dela "Laudio ikuspegi pluraletik hobetzea, oztopo baino ez ziren alderdikerietan sartu gabe". Alkategai berriak azaldu du ia 12 urte daramatza zinegotzi moduan, nabarmenduta "konpromisoa, esperientzia, hurbiltasuna eta herri ikustera" eskaintzen dituela.
Galdetegia martxan
Erabakiaren berri emateaz harago, Laudiori buruzko iritziak jasotzeko ere baliatu du Omniak aukera. Galdetegi bat jarri du abian horretarako, hemen bete daitekeena.