Jaia eta hizkuntzaren aldeko aldarrikapena uztartuko ditu Aiaraldeko Euskararen Egunak azaroaren 28an Laudion

Aitor Aspuru Saez

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Laudioko Lamuza plazan eta, egitarau osoa aipatzeaz gain, euskaradunek euskara bultzatzeko beharra lehen lerrora ekarri du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bere hamargarren urteurrenean.

Hainbat lagun batu dira gaur arratsaldean Lamuza plazan Aiaraldeko Euskararen Egunaren berri emateko. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatuko duen ekimenak egun osoko egitaraua eramango du Laudiora, eta aukera baliatu dute ospakizuna eta hizkuntzaren kinka larria mahairatzeko.

Izan ere, Kontseiluak lehen lerroan jarri du euskara erabiltzeko eta defendatzeko premia, adierazteko hizkuntza une kritiko eta erabakigarrian dagoela eta euskaradunen bultzada behar duela: "Giharra ateratzeko garaia da, aktibatzekoa, parte hartzekoa... Eta baita ospatzekoa ere. Eskualdeko euskaldunok bildu beharra daukagu, elkarrekin gozatu eta indartu. Sareak sortu eta elkar ezagutu (...) Orain zuen indarra behar dugu. Erdu gurekin. Bide bat egin dugu eta bide bat dugu egiteko". 

Egitaraua

Azaroaren 28an egingo dutena ere aletu dute. Izan ere, ekintza mordoa prestatu dituzte goizetik gauera arte:

  • 09:00etan mendi ibilaldia Herriko plazatik.
  • 11:00etan puzgarriak, jolasak eta hamaiketakoa Herriko plazan.
  • 11:30ean eragileen azoka Herriko plazan eta kale animazioa herri osoan zehar.
  • 13:00etan Txoriak bezala hegan Josune Garcia de Bikuñaren ipuin kontaketa musikatua erabilera anitzeko gelan.
  • 14:00etan ekitaldi nagusia Herriko plazan.
  • 14:30ean Memealdia eta Mikroaldiaren sari banaketa Herriko plazan.
  • 15:00etan bazkaria institutuan.
  • 16:30ean Txintxeta, Txorroskilo eta Borragoma pailazoen ikuskizuna Azoka plazan.
  • 17:00etan dantzaplaza Patxi eta Konpainiarekin Herriko plazan.
  • 17:30ean egurrezko jolasak Kalakanekin Azoka plazan.
  • 19:00etan Iraultza erromeria Aldai plazan.

Ohar gisa, antolakuntzak aurreratu du euria eginez gero, Herriko plazan egingo diren ekintzak Aldai plazara mugituko dituztela eta Azoka plazakoak, aldiz, elizako arkupeetara.

10 urte euskararen alde

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gaineratu du, halaber, hamar urteko ibilbidea bete duela jadanik eta gogoratu du antolatutako lehen Aiaraldeko Euskararen Eguna: "Amurrioko plaza ametsez, indarrez, ilusioz, irrikaz bete genuen eskualdeko euskaldunok. Euskararentzako etorkizun hobe baten bila abiatu ginen eta ordutik ez gara gelditu. Euskara gabe zer gara ba euskaldunok? Erantzuna erraza da. Euskara gabe, ez gara. Horregatik 10 urteotan eremu guztietan eragiten saiatu gara euskararen biziberritzea eta normalizazioa xede".

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide