25 urte bete zituen Ugarteko Auzolan elkarteak iaz, eta larunbat honetan amaitutzat emango duzue ibilbidea. Zer dela eta?
Ainara Ibarrondo: Jende gutxi geratzen ginen. Asko falta dira, batzuk hil direlako, beste batzuk adinagatik gutxi parte hartzen dutelako… ikusi genuen horrela ezin ginela ibili. Bagenuen diru kopuru bat gordeta eta erabaki genuen festa bat egitea agur moduan, eta omenaldi bat hiru sortzaileei, jada hil direnak.
Buti Bañuelos: Zazpi kide hasi ginen. Beno, zazpi terdi. Joseba Velez zegoen taldean baina kartzelan zegoen une horretan, eta bere ordez Lauri Sanjurjo etorri zen eta taldeko burua bilakatu zen. Bera jada ez dago gurekin.
Ainara Ibarrondo: Txema Abin ez dago, Iñaki Gallego ere aurten zendu da… horiek izan ziren sortzaileak, eta eurak omenduko ditugu.
"Lauri Sanjurjo, Txema Abin eta Iñaki Gallego izan ziren sortzaileak. Jada ez daude gurekin, eta eurak omenduko ditugu larunbat honetan"
Zein da larunbaterako plana?
A.I.: Bazkaria egingo dugu lehenbizi, omenaldia jarraian, eta gero hasiko dira kontzertuak.
Elkartearen izenak berak laburbiltzen du bere funtsa: Auzolana. Izena edo izana, zer etorri zen lehenago?
B.B.: Biak batera. Txemak jarri zuen izena, eta horrela geratu zen. Kultura eta euskara sustatzea zen asmoa, Ugarten ez zegoena.
Iñaki Bande: Euskal kultura eta euskara sustatzea zen helburua, horretan eragitea.
Nola egin zenuten hori?
B.B.: Uste dut antolatu genuen lehen ekintza Olentzeroren ikazkinaren bisita izan zela. Ikastetxeetan bai, baina herrian ez zen halakorik antolatzen. Ez dakit nola sortu zen ideia, baina horrekin hasi ginen. Mendi ibilaldia ere antolatzen genuen urtero. Jaien barruan, aldiz, txosna jartzen genuen eta hainbat jarduera bultzatzen genituen.
Nola baloratzen duzue eginiko ibilbidea?
B.B.: Jende pilo inplikatzen zen jardueretan. Ikazkina antolatzen genuenean, adibidez, gure atzetik jende pilo zegoen gaztainak egiten, txokolatea prestatzen, opariak banatzen… jendeak pilo laguntzen zuen. Mendi ibilaldian bazkari bat antolatzen genuen. Denboraren poderioz egiteari utzi zitzaion, baina gero berreskuratu genuen.
A.I.: Ia bagara betiko hamarrak, lehen asko ziren... betikoak gara antolakuntzan gabiltzanak, lagunak.
I.B.: Jendeak asko lagundu gaitu, hasieran batez ere. Jendea nekatzen joan da, gu bezala (barreak). Lehen urteetan dena zihoan oso ondo.
"Lehen bost taberna zeuden Goienurin, orain ez dago bat ere ez. Lehen bazegoen kutxa, bi supermerkatu, arraindegia orain ireki dute berriro… asko aldatu da auzoa"
Asko aldatu da Ugarte 25 urtetan?
B.B.: Pilo. Lehen bost taberna zeuden Goienurin, orain ez dago bat ere ez. Lehen bazegoen kutxa, bi supermerkatu, arraindegia orain ireki dute berriro… asko aldatu da auzoa.
I.B.: Gure asmoa zen auzoari bizitza ematea euskararen eta euskal kulturaren bitartez.
A.I.: Erosketa guztiak egiten genituen auzoan.
I.B.: Auzoa asko hazi zen hasieran baina gero itzaltzen joan zen. Orduan, asmoa zen berriro berpiztea: jendea taberna eta dendetara joatea… auzoa ikustaraztea, euskararen eta euskal kulturaren bidez. Ahal duguna egin dugu.
Zure tonuagatik sumatzen dut balorazio gazi-gozoa egiten duzuela.
B.B.: Balorazioa ona edo oso ona da. Baina egon dira urte batzuk zeintzuetan lan guztia gutxi batzuen esku egon den.
I.B.: Gauzak aurrera ateratzeko txosna jarri dugu jaietan eta elkarlanean aritu gara auzoan egon diren jai batzorde ezberdinekin. Gu saiatzen ginen gure ekintzak sartzen, herri kirolak kasu. Egon dira urteak zeintzuetan jaietan ez den euskarazko talderik egon, edo ipuin-kontalari bat zetorren eta gazteleraz zen… Horretan eragiten saiatu gara.
"Egon dira urteak zeintzuetan jaietan ez den euskarazko talderik egon, edo ipuin-kontalari bat zetorren eta gazteleraz zen… Horretan eragiten saiatu gara"
Txosna kudeatzeak lan handia dakar, jendeak lagundu arren.
B.B.: Txandak egitea da errazena, atzetik dagoen lana da zailena.
I.B.: Horrek erre gaitu apur bat. Horrez gain, badaude jarduera batzuk guk antolatzeari utzi diogunak, baina jarraitzen direnak egiten, beste pertsona batzuen eskutik. Gauzak antzera egiten jarraituko da hemendik aurrera ere.
Hori galdetu nahi nizuen: Zer gertatuko da zuek antolatutako ekintzekin? Badago belaunaldi aldaketa auzoan?
A.I.: Jai Batzordekoei esan diegu laguntza behar duten horretan gurekin kontatu dezaketela. Aurten ez dugu txosnarik jarri baina lagundu egin dugu. Jarraitzen dugu lanean, baina atzetik, jende berriari eman behar diogu paso.
B.B.: Badago beste talde bat, Ugarte Bizirik izenekoa. Putxerak egongo dira 21ean, eta talde horrek antolatuko ditu, Kirikinorekin batera.