Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskunde kanpainako Aiaraldeko ekitaldi nagusia egin du EH Bilduk gaur. Ehundik gora lagun batu dira Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan, alderdi subiranistaren tokiko zein Arabako ordezkari ugari tartean.
Ainize Gastaka Martinez izan da hitza hartzen lehena. Laudioko alkateak nabarmendu du hauteskunde kanpainari “elite ekonomiko eta finantzarioen zein hedabide handien laguntzarik gabe” egingo diotela aurre, eta EH Bilduk Aiaraldean duen komunitatea ere goraipatu du, Eva Lopez de Arroyaberi lekukoa pasa aurretik.
Arabako Foru Aldundiko batzarkidea azaroaren 29ko zitari begira jarri da, “jokoan asko” dagoela eta “une historikoa” bizitzen ari direla ohartarazita.
Hala ere, ziur azaldu da Arroyabe, eta argudiatu du Araban EH Bildu bozkatzeak “sari bikoitza” duela, balioko duelako “PP eta Vox senatutik kanpo uzteko”. Horrez gain, gogorarazi du datorren urtean ere udal eta foru hauteskundeak egongo direla, eta hor ere erronka egongo dela.
Eba Blanco igo da jarraian oholtzara. Espainiako Kongresurako Arabako zerrendako bigarren hautagaia da amurrioarra, eta Madrilen EH Bilduk lortutako emaitzak jarri ditu balioan. Etxebizitza Legea jarri du horren adibide moduan, baina nabarmenduz esparru horretan erdietsitakoa ez dela nahikoa “inondik inora”.
Bizitzaren garestitzean edota pentsioetan ere jarri du begirada, ildo horietan lan egiteko prestutasuna erakutsita. “Erakutsi dugu atriletik esaten duguna gero bete egiten dugula”, ziurtatu du EAko idazkari nagusiak.
EH Bilduko kideen aburuz, eskubide sozialak lortzea ere bada “bloke erreakzioarioari aurre egiteko” modua.
“Fatxen malkoak”
Mikel Otero izan da laugarren hizlaria. Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburuak tokikotasuna izan du hizpide hasieran, Laudioko Udalak parte hartzearen esparruan edota Lamuza Parkearen zein Antzokiaren proiektuetan eginiko lana goraipatuta, Pablo Gorostiagari aipamena egiteaz gainera. Era berean, eskualdeko ehun industrialak bizi duen “garai konplexua” ere izan du hizpide Oterok, langileen borroka beti babestuko dutela ziurtatuta.
Ondoren, Madrilgo jardunaz mintzatzera pasa da EH Bilduren kongresukidea, nabarmenduz eskubide sozialak lortzea ere badela “bloke erreakzioarioari aurre egiteko” modua. Bukatzeko, Mertxe Aizpurua aurkeztu du, Madrilen pairatu dituen erasoen aurrean erakutsi duen irmotasuna goraipatuz. Umoreari tartea egin dio Oterok une horretan, Aizpuruak sorrarazitako “fatxen malkoez” betetako flasko bat erakutsita.
Aizpuruak ere egin dio aipamena Pablo Gorostiagari, eta gogoan izan ditu baita ere jada bizirik ez dauden beste laudioar batzuk. Espainiako Kongresukideak hautestontziak “ilusioz” betetzeko deia egin du, 29ko zitan jokoan dagoena “eredua” dela gogorarazita.
“Alde batean, eskubideen murrizketa dago eta, bestean, eskubideen zabalpena”, azaldu du politikariak, eta “bloke erreakzionarioa porrotera” eramateko deiarekin amaitu du hitzartzea.