"Askatasun osoa sentitu izan dut nire ilustrazio estiloa mantentzeko"

Aitor Aspuru Saez

Andere Arriaga eta Betzaide Urtaza./ Aiaraldea

ANDERE ARRIAGA SANTAMARINA (Laudio) eta BETZAIDE URTAZA (Legorreta) Faktorian egon ziren Loturak liburua aurkezten. Testua eta ilustrazioa uztartu dute Faktorian bertan salgai dagoen lanean.

Nola sortu zen elkarlana?

Betzaide: Duela urtebete ezagutu ginen azoka batean, kasualitatez, Gipuzkoan. Bilatzen ari nintzen poliki-poliki diseinatzaileak eta berarekin harremanetan jarri nintzen.

Andere: Azokara joan nintzen eta amaieran hurbildu zitzaidan eta proposatu zidan bere proiektuan parte hartzea. Hasieran espero gabekoa izan zen, baina ilusio handiz eta zalantzekin hartu nuen. Lehen aldia zen horrelako proposamena jasotzen nuela. Ondo joan da eta Betzaideren aldetik sentitu dut askatasun osoa nire estiloa mantentzeko eta ongi etorria izan da egin dudana.

Nolakoa izan da prozesua?

B: Kontatu nion gainetik istorioa. 20 atal dira eta bakoitzean bizitza bat edo gehiago islatzen dira. Berari ateratzen zitzaiona jaso dugu eta gustura nago.

Lehen aldia izan da argitaratzen duzula, nola hartu zenuen lana?

A: Entzun nituen istorioak eta hasieran errazena iruditu zitzaidan koloreak hautatzea. Argi ikusi nuen istorio bakoitzak zein kolore behar zuen. Hurrengo urratsa zen zer irudikatu. Nire estiloa oso abstraktua da, baina istorioa oso argia. Kontua zen nola eraman hori irudira nire estiloa galdu gabe.

B: Ez da erraza.

A: Ez, baina espero baino hobeto joan da.

Nola sortu zenuen zure argitaletxe propioa, Betzaide?

B: COVID garaian nire aita hilda zegoen eta nik Euskal Herrira itzultzea erabakita nuen. Idazten hasi nintzen eta pandemia garaian begiratu nuen zein argitaletxe zeuden Euskal Herrian zein Espainiar estatuan eta galdetzeari ekin nion, ea nire lanak hor plazaratu ahal nituen. Hesi gehiegi ikusi nituen eta nire amak esan zidan: “Guk sortuko dugu argitaletxea”.

"Oztopo gehiegi ikusi  nituen argitaratzeko eta nire argitaletxea sortu nuen"

Eta horrela hasi nintzen nire argitaletxearekin, nire liburuak egiten apurka-apurka eta hortan nabil. Nik ez dut soilik ilustrazioa egiten, bereziki egiten ditut Euskal Herrian kontzientziatzeko liburuak. Txikietatik helduak arte.

Sei urte bete ditut jadanik, azoka dezente egin ditut eta gustura nago. Izan ere, liburu asko daude bigarren edo hirugarren edizioan eta hori da saltzen direnaren seinale.

Jendearen iritzia ere jaso dut: umeek behin eta berriro irakurri dituztela, QR kode erabilgarri ugari dituztela, letra larriz eginda daude asko eta eskertzekoa dela, helduek erabili dituztela gai batzuk lantzeko…

Zer gai mota jorratzen dituzu?

B: Txikientzat emozioak, euskal mitologian berdintasuna, aniztasuna, bullyinga… Badaukagu Muxuak eta besarkadak, Arimen gaua… Egungo gaiak beldurra lantzeko. Nerabeentzako mezuak dira maitatu behar garela, errespetatu behar dugula, ez gaudela bakarrik, antsietatea… Alzheimerrari buruzko bat ere badut.

Eta orain argitaratu duguna da 20 istorioren bilduma eta bakoitzak badauka bere eskarmentua. Izan ere, arrapaladan bizi gara eta maiz ez gara konturatzen gauza askotaz. Irakurriz gero, agian konturatuko zara antzeko zerbait gertatu zaizula eta beste ikuspegi bat har dezakezu.

Andere, zu sortzailea zara, baina beste esparrutan, ezta?

A: Bai, nik egiten ditut ilustrazioak boligrafoz eta aldizkari zatiak erabilita. Orain dela urte eta erdi hasi nintzen. Lehen marrazkitxoak egiten nituen boligrafoz, baina teknika anitzak baliatzea aberasgarria da.

"Niretzat teknika baino, garrantzitsuagoa da alde terapeutikoa, zertarako egiten dugun eta zer adierazi nahi dugun edo zertarako balio duen"

Bestalde, arteterapia trebakuntza egiten ari naiz, nik psikologia ikasi bainuen. Dena nahastu nahi dut. Niretzat teknika baino, garrantzitsuagoa da alde terapeutikoa, zertarako egiten dugun eta zer adierazi nahi dugun edo zertarako balio duen. Ezagutu ginen egunean A4 tamainako eta postal tamainako ilustrazioak saltzen ari nintzen.

Elkarlana luzatuko duzue?

B: Oraindik ez dugu hitz egin horri buruz, baina hurrengo urtean ez dut aurreikusi liburua argitaratzea.

Esperientzia honen ondoren, animatuko zara horrelako proiektu gehiagotan parte hartzen?

A: Momentuz ez daukat proposamenik. Heltzen badira, ba zabalik egongo naiz. Ikusiko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide