Itoginak, obren osteko garbiketa falta eta administrazio langileen gainkarga detektatu ditu ELAk Laudioko anbulatorio berrian, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares

Totemen funtzionamendua kritikatu du sindikatuak, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Topatutako gabezia guztiak "berehala" konpontzea eskatu dio sindikatuak Osakidetzari. 

Hainbat gabezia detektatu ditu ELAk Laudioko anbulatorio berrian. "Eraikin berriak hobekuntza suposatu beharko luke langileentzako zein herritarrentzako. Baina errealitate bakarra da ireki zenetik, akats eta arazo ugari sortu direla, bi hilabete beranduago kopondu gabe jarraitzen dutenak", salatu du sindikatuak, eta ohartarazi du egoera horrek "eragin negatiboa" duela "profesionalen eta erabiltzaileen egunerokoan". Gauzak hala, topatutako gabezia guztiak "berehala" konpontzea eskatu dio Osakidetzari. 

Hasteko, langile erakundeak azaldu du obra amaitu zenean ez zela eraikinaren garbiketa integralik egin eta, ondorioz, azpikontratatutako enpresako langileak aritu dira zeregin horretan, "ohiko plantillarekin eta inolako errefortzurik gabe".

Espazioaren antolaketa ere kritikatu du ELAk. Izan ere, nabarmendu du beheko solairuan dauden kontsultek ez dutela pazienteen pribatutasuna bermatzen, kaletik ikusi ahal zaielako. "Hori dela eta, pertsianak erdiraino jaitsi behar dira, behar bezalako pribatutasuna bermatzeko", salatu dute sindikatuko kideek. Era berean, nabarmendu dute erauzketa-gelako zein erradiologia-eremuko altzariak ez direla egokiak "langileek beren eginkizunak eroso bete ahal izateko", eta gaineratu dute "ateetako sarrailen funtzionamendua okerra" dela azken espazio horretan. 

Sindikatuak eskatu du langile bat gehiago kontratatzea administrazio esparruko gainkarga bideratzeko, baina salatu du Osakidetzaren erantzuna ezezkoa izan dela.

Azpiegituraren arazoekin amaitzeko, ohartarazi dute itoginak sortzen direla anbulatorioko hainbat solairutan euri egunetan, eta sarrerako administrazio-eremuak aire korronteak dituela egunero. "Konponbiderik ezean, langileek kartoizko kutxak jarri dituzte hanken inguruan babesteko, eta baita berogailu txikiak hotza arintzeko, baina aldi berean pizten badituzte, sistema elektrikoak huts egiten du", azaldu dute. 

Langileen gainkarga 

Langileen antolakuntza arazoak eta gain-karga ere azaleratu ditu ELAk. Sindikatuak azaldu duenez, totem batzuen bidez kudeatzen dira erabiltzaileen txandak, baina sistema horrek "egunero" egiten du huts, eta ez dago langilerik tresna digital berri horren funtzionamendua azaltzeko. Horrek "irrisgarritasuna zailtzen" duela dio langile erakundeak, "adineko pertsonei" batez ere. 

Horregatik, eginkizun horretarako pertsona bat kontratatzea exijitu du sindikatuak, baina salatu du erantzuna ezezkoa izan dela Osakidetzaren partez, adminsitrazio-eremua "guztiz gainkargatuta" dagoen arren. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide