Aiaraldeko unibertsitateko hiru ikertzaile ezagutzeko parada emango du ostiralean Zientzia-zubiak ekitaldiak

Aitor Aspuru Saez

Euskal Herriko ikertzaileen lana zabaltzeko eta aitortzeko ekimenak antolatzen ditu UEUk, Ikergazte sari banaketa barna./ Wikipedia

Amaia Solaunek, Aitor Pinedok eta Irene Luengasek hartuko dute hitza ostiralean 12:00etan Kasinoan.

Udako Euskal Unibertsitateak antolatu du ekimena eta helburua izango da herritarrek eskualdeko ikertzaileak ezagutzea. Horretarako esparru anitzetako adituak gonbidatu dituzte, Laudio eta Amurriokoak. 12:00etan hasiko da solasaldia Kasinoan eta edonor bertaratu daiteke komunikazioa@ueu.eus helbidera adierazita.

Hasieran Ane Arandia Arrankudiaga-Zolloko bizilagunak parte hartu behar zuen, baina osasun arazoak direla medio, bere tokia Irene Luengas Escuzak hartuko du. Bera doktoratu aurreko ikertzailea da neurozientzien arloan. Ikerketa-jarduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan garatzen du, bereziki zelula glialen biologian zentratuta.

Berez, bioteknologian graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). 2022ko apiriletik aurrera doktoratu aurreko ikertzaile gisa dihardu UPV/EHUko Neurozientziak sailean (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, Bizkaiko Campusa). Tesi doktorala amaitzeko fasean dago jadanik eta lau hilabeteko egonaldia izan du Japonian bere ibilbide akademikoaren barruan.

Amaia Solaun

Beste laudioar batek ere hitza hartuko du ostiralean, Amaia Solaunek, hain zuzen. Bera Itzulpengintzan graduatua da, eta egun, HiTZ Hizkuntza Teknologien Euskal Zentroko ikertzaile eta doktoregaia da.

Tesia Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko programaren barruan egiten ari da, eta haren ikerketa-lerro nagusia euskarazko azpidazketa-sistema automatikoen garapen eta azterketa da.

Aitor Pinedo

Aitor Pinedo amurrioarra EHUko irakasle laguntzaile doktorea da, Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean. 2022tik Aurrera Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien Graduan ematen ditu klaseak.

Jarduera Fisikoan eta Kirolean doktorea da eta Aktiboki eta GIKAFIT (Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldea) ikerketa-taldeko kide da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide