Dependentzia duten herritarrak etxez etxe laguntzen dituzten langileek salatu dute "miseriazko lan baldintzak" ezarri nahi dizkietela lan hitzarmenean

Aitor Aspuru Saez

CCOO sindikatuak deituta, dependentzia duten herritarrentzat etxez etxeko laguntza eskaintzen duten hainbat langile bertaratu dira gaur Laudiora salatzeko euren lan hitzarmena bloketatuta dagoela.

Herriko plazan eta Aldai plazan elkartu dira gaur dependentzia duten herritarrei etxez etxeko laguntza ematen dieten hainbat behargin. Aiaraldean 160 langile inguru dira eta CCOO sindikatuak egin du deialdia.

Izan ere, 2026an lan hitzarmena iraungi zen eta ultraktibitatean ari dira lanean. Hori konpontzeko, negoziazioak abiatu dituzte zerbitzua kudeatzen duten enpresekin (Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutakoak) eta orain arte ez dute emaitza positiborik izan.

Oztopo handienetako bat da soldata igoera. Izan ere, salatu dutenez, 2026an ez dute eguneratzerik egin nahi. 2027an %1, 2028an %2 eta 2029an %3ko soldata igoerak proposatu dituzte enpresek.

Langileek salatu dute miseriazko lansariak ordaindu nahi dizkietela eta pasa direla pandemian funtsezko zerbitzua izatetik txirotasunean egotera zigortuak izatera, aintzat hartuta azken urteetan egon den inflazioa.

Dependentzia dutenentzako laguntza

Eskualdean erabat feminizatua (%100ean) dagoen sektorearen eginkizuna da etxez etxe laguntza eskaintzea dependentzia aitortza lortu duten herritarrei. Euren arduren artean etxeko garbiketa, garbiketa pertsonala, erosketetan laguntzea edota paseatzea daude.

Lan eta lan artean (etxe batetik bestera joateko) hamar minutuko tartea baino ez dute eta denbora tarte hori hobetzeko prestutasunik ere ez dute sumatzen enpresarien artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide