Bi hilabeteko tartea izango dute aiaraldearrek Udako Argazki Lehiaketan parte hartzeko. Urtero bezala, udari lotutako irudiak bilduko ditu Aiaraldea hedabideak lehiaketan. Lanak bidaltzeko azken eguna irailaren 20a izango da. Hala, irailaren 21etik 30 arte izango dute webguneko bisitariek irudirik gogokoenak hautatzeko aukera. Hain zuzen, boto bidez erabakiko dira zeintzuk izango diren aurtengo edizioko garaileak.
Hiru sari eta kategoria
"Mundua", "Aiaraldea" eta "Talde argazkiak" izango ditu ardatz egitasmoak. Taldeko argazkirik bozkatuenaren egileak 2 lagunentzat dastaketa menua jasoko du Laudioko Kumeak jatetxean, 130 euroan zenbatetsitako saria. Eskualdeko argazkirik bozkatuenak, aldiz, 2 lagunentzat gau eta gosari eskaintza jasoko du Gorbeiako aterpetxearen eskutik. Azkenik, "Mundua" modalitateko lanik kuttunenak Arbizuko kanpinean 4 lagunentzat bungalowan gaua izango du garaikurtzat.