Okondoko Bola Taldeko kideak dira ESTRELLA ALONSO UNZAGA eta GREGORIO ZABALLA GOIENETXEA. Azken honi egokitu zaio aurtengo progoilaria izatea, bolatokiaren ordezkari gisa.
Pregoilari izateko proposamena egin dizute, nola jaso duzu albistea?
Hasieran apur bat arraro, baina gero ondo, talde guztia joango baikara. Izan ere, hemen jarraitzen dugu eta ondo funtzionatzen dugu, diru-laguntza gutxiago egon arren.
Jaietan bola partidak antolatzen dituzue, ezta?
Bai, San Roman eta San Bartolome jaietan egiten ditugu; eta Aiaratik, Laudiotik, Urduñatik... etortzen da jendea. Bola aiararra praktikatzen dugu.
Prest duzue pregoia?
Ez, uste dut udalak proposatuko digula, eta gero guk zerbait gehituko diogu ziurrenik.
Pregoilari izateak zuen ohiko jarduera aldatuko du?
Guk jaietan ez ezik urtean zehar ere hainbat ekintza ditugu. Azaroan, adibidez, astebururo izaten ditugu gauzak. San Prudentzion ere antolatzen dugu zerbait.
Mota anitzeko jarduerak dira. Arabako Txapelketa, esaterako, udaberrian egiten dugu. Proba honetatik 15 sailkatzen dira zehazten den lekuan finala jokatzeko. Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban izan daiteke. Aurten hemen izan da eta hurrengo urtean Gipuzkoan izango da. Okondon, agian, 8 urte igaro arte ez da berriro jokatuko.
Eta bolatokia asko erabiltzen du jendeak?
Herrikoek egunero entrenatzen dute. Dena ondo prestatuta daukagu horretarako.
Belaunaldi berriak nola sartzen dira mundu horretan?
Guztiok federatu behar gara, asegurua beharrezkoa baita. Horrela, norbait berria etortzen denean, datuak eskatzen dizkiogu eta Gasteizera bidaltzen ditugu txartela eskuratzeko. Urtero berritzen dugu. Hala ere, federatu gabeko pertsonak ere hurbiltzen dira, besterik gabe, bola batzuk jaurtitzera. Herriko hitzorduetan, bereziki, animatzen da jendea parte hartzen. Kasu horietan jende gazte askok ikusten du lehenengo aldiz, eta jaurtitzera animatzen dira, gustatu egiten zaie eta.
Zerk egiten du jokoa berezi?
Giroak. Oso giro ona sortzen du jendeak. Jaurti ostean erronkak egiten ditugu gure artean, lehia sortzen dugu taldeka, 5 edo 6 laguneko multzotan... Jai giroak laguntzen du, jokalarien arteko apustuak egiten ditugu eta.