Okondo Euskaraz egitasmoaren edizio berria gauzatuko dute asteburuan. Euskararen erabilera sustatzea du helburu ekimenak, umeen artean bereziki.
Ospakizuna ostiralean hasiko da, Garaikoetxea plazan. 17:30ean Kiki pailazoak “Parranda tutiplen” ikuskizuna egingo du eta 20:00etan Diskojaia hasiko da; gazteentzako eta helduentzako musika jarriko dute.
21:00etan afari arina prestatuko dute. Bi kazola eta ogia jango dute eta, gainera, txosna egongo da edaria erosteko. 22:00etan musika emanaldiari ekingo diote berriro.
Larunbata
Larunbatean bizikleta ibilaldiarekin abiatuko dute egitaraua 11:30ean. Udal igerilekuetatik aterako dira txirrindulariak. 12:00etan familia osorako zunba saioa egingo dute euskaraz Garaikoetxea plazan. Euria egingo balu, bertan egin ordez, frontoian egingo lukete.
Araba Euskaraz
Igandean bi aukera emango ditu Okondo Euskarazek. Alde batetik, autobusa aterako da herritik, 10:00etan, Txaparro eta Batzokitik, Aguraingo Araba Euskaraz jaira joateko. Aurretik izena ematea udaletxean beharrezkoa da.
Herrian geratzen direnentzat, ordea, Itzalde Abesbatzak kontzertua emango du 13:00etan elizan.