Okondoko Udala herriko mapa topografikoa berritzen ari da, eta kale-izendegiak dituen gabeziak zuzentzeko aprobetxatu nahi du. Gaur bertan hasiko da, 18:00etan Kultur etxean egingo den partaidetzarako saioarekin. Felix Mugurutza adituak egingo du aurkezpena.
Eskualdeko beste herri asko lez, Okondok populazioa nahikoa sakabanatuta du hainbat auzotan, kale zein baserrikoak. Horrek zerbitzu askoren (larrialdiak, posta eta abar) jarduna zaildu egiten du eta garrantzi are handiagoa ematen dio kale-izendegiaren antolamenduari.
Okondoren kasuan, gainera, gabeziak antzematen dira azken hamarkadetan garatu den izendegian; alde batetik, Okondogoiena eta Okondoibarra barruti historikoen araberako antolaketaren galerak eta tokiko izenen erabilpen urriak arriskuan jartzen dute Okondoko kultura-ondarearen kontserbazioa, eta bestetik, etxe askok helbide bera (kale-izen bera) eta sarbide desberdina dituzte, eta hala, zaildu egiten du eraikinak aurkitzea.
Irizpide zehatzak
Azaldutako egoera aztertu nahian, udalak kale-izendegia berrikusteko irizpide jakinak jarri ditu mahai gainean; esaterako, sakabanatutako baserri-etxeak hobeto topatzeko, helbide bera emango zaie sarrera bide berean duten eraikinei, eta bide horiek helmugan dagoen toponimoaren izena izango dute, toponimoari “bidea” erantsita.
Adibidez, Laburun amaitzen den bidean sarrera duten eraikin guztien helbidea “Laburu bidea” izatea proposatzen da. Beste irizpide bat izango da izen bera ematea ingurukoetatik bereizita dauden eta harreman historikoa duten eraikin-multzoei (Aretxaga eta San Roman, adibidez).
Horrez gainera, tokian-tokiko toponimoen erabilera sustatuko da, baina gehiegizko banaketarik egin gabe, eraikinak kokatzea ez dadin are zailagoa izan.
Lehen saioa, gaur
Prozesu hori guztia abian jartzeko lehen pausoa gaur bertan egingo da, maiatzak 11, Kultur Etxean. Saioa 18:00etan hasiko da eta bi ordukoa izatea aurreikusten da. Irekia izango da eta udalak parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.