Okondoko EH Bilduk oharra zabaldu du salatzeko Okondo Aurrerako zinegotzi batek "puta" esan ziola koalizioko bozeramaileari.
Alderdiak azaldu du iraina atzoko udal osoko bilkuran jazo zela. Horren arabera, EH Bilduko zinegotzia Itziar Caminok udal gobernu taldearen zenbait erabaki kritikatu ostean, Okondoko Aurrerako ordezkaria Amaia Sadabak iraindu zuen.
EH Bilduk azpimarratu du zerrenda independentearen ordezkaria Berdintasun Arloko arduraduna dela.
Salaketak
Atzoko udalbatzan EH Bilduk salatu zuen 2015eko berdintasunerako diru-laguntzaren zati bat galdu duela udal gobernuak, bigarren seihilekoan aurreikusitako ekintzak ez baitziren burutu.
Horrez gain, hiri-lurzorua mugatzeko izandako akatsen ondorioz OHZren ordainagiriak gaizki bidali zirela ere kritikatu zuen. OHZ gaizki kobratu zaien guztiei dirua itzultzeko eskatu zuen EH Bilduk.