1.304.000 euroko aurrekontua izango du Okondoko Udalak 2016ko jardunaldian. Alderdi guztiek -Okondo Aurrerak, EAJk eta EH Bilduk- akordioa lortu dute horretarako, negoziazio luze eta gogorren ondorioz.
Sergio Tato alkateak adierazi du aurrekontu estua izango dela baina arriskurik gabekoa; zorrak kitatuko dituzte eta, esate baterako, kreditu bat gutxiago izango dute. Gainera, partida nagusienak mantendu dituzte; kultura, ongizatea eta euskara, alegia.
Inbertsioak
Hainbat obra egingo du udalak aurten; Otaolako errepidea konpondu (30.000 euro), argi publikoa hobetzeko 2. fasea (100.000 euro), eta Carlos Garaikoetxea eta Irabien kaleko errepideak lotuko dituzte bide berriaren bitartez (8.500 euro).
Gainera, abiatuko dute estudioa Urezandin bidea egiteko (10.000 euro) eta Landetako errepidea konpontzeko Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzaren zain geratu dira.
Bestalde, frontoiko lanak soberakinekin gauzatuko dituzte.