Pasa den astean hasi zen Andres Alcalde Okondoko alkate ohiaren aurkako epaiketa, baina egun berean bertan behera utzi zuten. Politikoaren aurka ez ezik, 7 etxeren jabeen kontrako akusazioak landu behar zituzten.
Haatik, jabe horiek aspaldi irabazi zioten beste kausa bat Arabako Foru Aldundiari eta, ondorioz, euren eraikinetarako baimenak eskuratu zituzten -fiskaltzak etxebizitza horiek botatzeko eskatu zuen hori jakin baino lehen-.
Hori dela kausa, epaiketa eten zen eta jabeak sumariotik kanpo geratu dira. Aurrerago, Andres Alcalderen aurkako akusazioak argitzeko beste epaiketa bat egin beharko dute.
Arabako Fiskaltzaren ustez, Andres Alcaldek lanabesak gordetzeko 7 etxola egitea baimendu zuen, debekatuta zegoen zenbait lursailetan, 2008an eta 2009an.
Gainera, fiskalaren aburuz, alkateak bazekien eraikin horiek etxeak izango zirela, berak salmentak kudeatu eta etekinak lortu baitzituen.