Arabako Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatuko du Andrés Alcalderen aurka -Okondoko alkate ohia, alegia-. Aste honetan egingo dute epaiketa Gasteizen eta EAko ordezkari publiko ohiari egotzi diote legez kanpoko eraikitzeko baimenak eman izanda.
Akusazioaren ustez, Andrés Alcaldek lanabesak gordetzeko 7 etxola egitea baimendu zuen, debekatuta zegoen zenbait lursailetan, 2008an eta 2009an.
Gainera, antza, alkateak bazekien eraikin horiek etxeak izango zirela, berak kudeatu baitzituen salmentak, fiskaltzaren aburuz.
Udal arkitektoa ere epaituko dute, eraikuntzaren aldeko iritzia emateagatik.
Kartzela zigorra eta hamar urtetan kargurik betetzeko gaitasunik gabe uzteko ez ezik, eraikinak botatzeko ere eskatuko du fiskaltzak.
Udal gobernu taldeak adierazi du ez duela ezer esango, epaileen esku baitago erabakia hartzea.