Gabonak ate joka daudenean, Ganekogorta Mendi Taldekoek datozen egunetan mendiko botak janzteko hainbat aitzakia dakartzate Okondora. Laugarren urtez, Mendiari eta Naturari buruzko Jardunaldiak antolatu dituzte; aurten data aurreratu egin dute.
Abenduaren 16an hasiko dira Jardunaldiok; arratsaldeko 19:30ean Astobiza Txakolindegiko Txokoan jarri dute hitzordua. Txakolindegian Jardunaldien inaugurazioa eta aurkezpena egingo dute eta Elkartasun Mendiak (Arabako Down erronka) ekimena ere aurkeztuko dute bertan. Horretarako, hainbat dira gonbidatutako kirolariak: Edorta de Anta, Adolfo Madinabeitia eta Yosu Vazquez Pecina.
Lehen erronka dela eta errodatutako filma ere emango dute asteazkenean Okondora. Ondoren, mokadutxo bat jan eta Astobiza txakolina dastatu bitartean, bertaratutakoek galderak plazaratzeko beta izango dute.
Gorbeiako historiak
Ostegunean, hilak 17, Okondoko Kultur Etxean 19:30etan, Iñaki Garcia Uribe mendizaleak hitzaldia emango du, eta Gorbeiaren inguruko historiak ezagutzeko parada izango dute hurbildutako pertsonek
Ostiralean, Abenduaren 18an, arratsaldeko 19:30ean, Okondoko Kultur Etxean Salvagoro elkarteko kideak izango dira hizlariak: Ines Latorre eta Enrique Arberas, hain zuzen. Hitzaldiaren izenburua honako hau: “Haginaren jakintza ekologikoa eta kulturala. Eskualde kantabriar-arabarraren kasua”.
Mendira osterak
Larunbatean, hilak 19, Mendizale eguna ospatzeko, Okondo inguruko mendietatik ibiltzeko goizeko 09:00etan aterako dira.
Ondoren, 15:00etan herri bazkaria egingo dute. Eta ostegunean, hilak 31, San Silvestre eguna dela medio, goizeko bederatzietan Okondotik eta 09:30ean Landetatik atera, eta Ganekogortan hartuko dute hamaiketakoa.
Taldeko argazkia egin eta urte zaharra agurtzeko topa egindakoan, 14:00ean, Okondorantz itzuliko dira.