Aurtengo mendi ibilaldiko data zehaztu dute Ganekogorta Mendi Klubeko kideek; azaroaren 22an egingo da eta Okondoko Udal Igerilekuetatik abiatuko dira parte-hartzaileak.
Horretarako, Ibilaldi Neurtua egin nahi dutenek Ganekogorta Mendi Klubera jo beharko dute izena ematera; azaroaren 2an hasi zen epea eta 20an bukatuko da. Ostegunetan arratsaldeko 19:30etatik gaueko 21:00ak arte izena eman daiteke. Informazio gehiago jaso dute Ganekogorta Mendi Klubeko web-atarian.
Bi ibilbide
Bi ibilbide antolatu dituzte: 13 kilometrokoa txikia eta 22 kilometrokoa handia. Igerilekuetatik abiatuko da ibilaldia 09:00etan; Idubaltza (691metrokoa), Otaola (indarrak hartzeko gunea) eta Pagolar (772 metrokoa) igaroko dituzte mendizaleek eta amaiera Okondoko Udal Igerilekuetan izango da.
Ibilaldi Neurtua bukatzean, parrillada eta zozketa egingo dute. Horrez gainera hirugarren argazki rallya ere antolatu du Ganekogorta Mendi Klubak.