Okondoko herriko taberna, hau da Irabien, konfiskatzeko agindua berretsi du Auzitegi Gorenak. Hori dela eta bere bazkideek erabaki dute bihar 13:00etan herri bazkaria egitea eta hurbiltzen diren pertsonak gonbidatzea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Irabien agurtu nahi dute. Lokala duela 26 urte ireki zuten hainbat okondoarren ahaleginari esker -batzuk dagoeneko zendu dira- eta 13 urtez irekita egon zen.
Herriko tabernako kideek nabarmendu dute urte horietan jendez gainezka egon zela iritzi eta alderdiak aparte utzita eta hainbat ekimen gauzatzeko ere balio izan zuela.
2002an lokala “Herriko tabernen” auzian sartu zuten eta Auzitegi Gorenaren erabakiarekin beste 107 lokal gehiago bezala konfiskatuko dute. Irabien elkarteko kideek lapurreta lotsagarritzat jo dute epaia.