Naturayala blogeko hainbat kidek Okondoren inguruko sarrera berria argitaratu dute:
"Blogaren sarrera honi hasiera emateko Okondo udalerrian kokatzen den Miñaurren dagoen gaztainondo (Castanea sativa) ikaragarriaren argazkia erabili dugu. Ehun urtetik gorako zuhaitza dugu eta 6,90 metroko perimetroa du.
Hori dela eta, Euskadiko zuhaitz berezietarikoen artean koka dezakegu; dagoeneko eskualdean bertan zuhaitz paregabea da eta ziurrenik perimetro handiagoa duen zuhaitz bakarra Artziniegako artea izango da.
Bere adarrak ikusgarriak dira. Horietako batzuk lurreraino doaz eta gero berriz ere zerura igotzen dira, mamuten hortzen antza hartuz.
Jose Mari Angulo Arabako Foru Aldundiko basozainak urtarrilaren hasieran erakutsi zigun Miñaurreko gaztainadi hau, baita bertan dauden alerik nabarmenenak ere, irudietan ikusten diren hauek, esaterako.
Miñaurreko auzoa Okondoko mendebaldean kokatzen da, Gordexola herri bizkaitarrarekin muga eginez, Galarraga mendi-tontorraren hego-ekialdean. Auzoko etxe handienak abandonatuta eta erortzeko zorian daude.
Haritzak eta gaztainondoak, ematen zuten fruituengatik, nekazarien munduan oso zuhaitz preziatuak izan ziren, pertsona zein animaliei elikagaia ematen zietelako eta baita egurraren kalitateagatik ere. Egur hau lortzeko adarrak kimatzen zituzten. Garai bateko haritz lepatu asko oraindik bizirik dirauten bitartean, gaztainondo zaharrak gure paisaietatik desagertzen joan dira; tinta eta txankroa bezalako gaixotasunengatik, Pinus radiataren hazkuntzagatik edo suteengatik, esate baterako, 80ko hamarkadaren amaieran bertan suertatu zen bezalakoa.
Baliteke Miñaurreko gaztainadia Aiaraldeko eskualdean kontserbatzen direnen artean, zaharrena eta zabalena izatea. Hori dela eta, bertatik ibiltzea gure historiatik paseatzea da, gaztainondoak gizakien ekonomiaren baliabide garrantzitsu bat ziren garaitik, hain zuzen."