Aiarako Koadrilak, "euskara eta kirola" izeneko solasaldia antolatuko du Okondoko Señorio de Astobiza upategian, Okondoko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Hitzaldia urtarrilaren 16an, ostirala, arratsaldeko 19:30tan, burutuko da; "Igo dezagun euskara gailurrera" lelopean.
Solasaldian Eli Pinedo Amurrioko eskubaloi jokalariak eta Mikel Urrutikoetxea pilotariak hartuko dute parte. Bertan, euren kirol-bizitzan euskararekin duten harremanaren inguruan mintzatuko dira. Solasaldia dinamizatua izango da eta bertaratutakoek bi kirolariei galderak egiteko aukera izango dute, behin hitzaldia bukatuta argazkiak atera eta autografoak sinatzeko aukera izango da. Horretaz gain, 21:00etan, Okondoko Señorio de Astobiza upategia bisitatzeko aukera egongo da, honen amaieran gazta eta txakolinaren dastaketa bat burutuko da.